Jardunaldi Sozialistei hasiera eman diete Kartzela Zaharrean

Hasier Larrea 2020ko urr. 10a, 19:47

"Okupazioaren aurkako kanpaina" hitzaldia.

Gazte Koordinadora Sozialistak bi eguneko egitaraua antolatu du Bergarako Gaztetxean. Gaur hasi dira jardunaldiak, eta datorren zapatuan emango zaie jarraipena. 

Debagoienako eta Debabarrenako hainbat gazte batu dira gaur arratsaldean Bergarako Kartzela Zaharrean, Gazte Koordinadora Sozialistak antolatu duen egitarauaren harira. Hitzaldiek eta elkar ezagutzeko dinamikek osatzen dute jardunaldi hauen muina, helburua "testuinguruaren eta koiunturaren inguruko analisi eta hausnarketa politikoa egitea" delarik. "Komunitate politikoa sendotzeko nahia" ere badaukate jardunaldiek, horregatik prestatu dute aisialdirako eskaintza.

Gazte Koordinadora Sozialistaren iritziz, "egoera oso eskasa bizi du egungo langile klaseak". Arrazoi honegatik jotzen dute "ezinbestekotzat" langileria batu eta antolatzea. 

Gaur arratsaldean inauguratu dituzte jardunaldiak, "okupazioaren aurkako kanpaina" izeneko hitzaldiarekin. Besteak beste, hedabideek okupazioaren inguruan jaurtitzen dituzten mezuak izan dituzte hizpide, eta nabarmendu dute okupazioa tresna garrantzitsua izango dela etorkizunean langile klasearentzat. Horren ostean parrillada musikatua egin dute Gaztetxeko patioan. DJek girotu dute otordua eta militante berriek elkar ezagutzeko parada eduki dute bertan. 

Datorren zapatuan, hilak 17, berrekingo diete gazte sozialistek berriz ere jardunaldiei. Hiru orduko mendi martxa egingo dute Bergarako plazatik Asentziora, goizeko 9:00etan hasita. 14:00etan bazkaria egingo dute Kartzela Zaharrean, eta 17:00etan gaur egungo faxismoari buruzko hitzaldia burutuko dute. Azken urteetan Europan eskuin muturreko mugimenduek izan dute gorakadaren aurrean GKS-ko militanteek argi dute euren iritzia plazaratu eta aurre egiteko planteamendu propioa zabaldu beharra dagoela. 

Gazte Koordinadora Sozialistatik gonbidapena luzatu dute datorren zapatuko egitarauan parte hartu nahi duen gazte oro Bergarara hurbil dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak