Ariznoako gimnastak ere, denboraldi berria prestatzen

Jone Olabarria 2020ko urr. 9a, 15:41

Txapelketa taldeko gimnastak entrenamenduan, eguaztenean.

Txapelketa mailako gimnastak joan den astetik dabiltza lanean; eskola mailakoek, aldiz, asteon ekin diote ikasturteari.

Urriaren 1etik aurrera posible dute eskola mailako kirolari txikiek entrenamendu saioetara bueltatzea, eta, hain zuzen, hala egin dute Bergarako Ariznoa gimnasia erritmiko elkarteko gimnastek.

Aurrebenjamin mailatik gorako umeek asteon hasi dituzte entrenamenduak, Ipintzako gimnasioan. Protokoloak ezartzen dituen neurriak betetzeko hainbat moldaketa egin dituztela azaldu du Ainize Lizarralde entrenatzaileak: "Gehienez, hamalauko taldeak daude, eta taldeen artean kontakturik ez egoteko ordutegian aldaketak egin ditugu. Tenperatura hartu, eskuak sarritan desinfektatu eta kontaktua ahalik eta gehien murriztu da. Materiala ere ez partekatzen saiatu gara, eta hala denean higiene berme guztiekin desinfektatzen".

Txapelketetan aritzen direnek ere saioak hasi dituzten arren, oraindik ez dakite noiz izango duten lehiatzeko aukera, Gipuzkoako Federazioak ez baitu ezer jakinarazi. Hala ere, azaldu dute ohiko denboraldi batean ere txapelketak urtarril ostean hasten direla eta hilabete hauek prestatzeko izaten direla.

Labegaraieta gabe, moldatuz

Lehiaketa mailako taldeak, alebin mailatik gorakoak, Labegaraietako kiroldegian entrenatu ohi dira. Aurten, baina, COVID-19ak soilik ez, Labegaraietako lanek ere eragin berezia izan dute ikasturtean, eta aitortu dute "ahal den moduan" ari direla moldatzen: "Astelehenetan Bergarako udal pilotalekuan entrenatzen gara, asteazkenetan Ipintzako gimnasioan eta ostiralera Antzuolako pilotalekuan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak