Maialen Esnaola: "Talde indartsua eratu dute, igoerarako aukerekin"

Jone Olabarria 2020ko urr. 9a, 12:05

Maialen Esnaola, Atletico Baleares taldearekin egindako aurkezpeneko irudian.

Datorren asteburuan jokatuko du Maialen Esnaola bergararrak lehen partida Mallorcako Atletico Baleares taldearen elastikoarekin. Erronka berria ekiteko "irrikaz" agertu da.

Maialen Esnaola bergararrak (1994) Mallorcako Atletico Baleares taldean egingo du 2020-2021 denboraldia. Datorren asteburuan ekingo diote ligari, eta, aitortu duenez, "gogotsu" dago sei hilabeteren ostean partidak jokatzera itzultzeko. Aurreko denboraldian Santanderko Racing taldean jokatu zuen, eta, Kantabriako taldea "penaz" utzi zuela azaldu duen arren, erronka berriari "ahalik eta hoberen" helduko diola azaldu du.

Nolatan Mallorcara? Nondik etorri zen aukera?

Aurreko urtean Santanderren bizi nintzen bikotekidearekin, biok jokatzen genuen Racing-en. Bikotekideari hemen jokatzeko aukera sortu zitzaion, eta biok etortzea erabaki genuen.

Ostean etorri zen zure fitxaketa talde berean ere...

Nesken taldea ere bazela ikusita, klubean galdetzea erabaki nuen. Curriculuma eta bideo batzuk bidali nituen eta baiezkoa eman zidaten, taldean aritzeko aukera nuela. Normalean, horrela egiten dugu; nesken futbolean ez da diru askorik mugitzen eta nire bikotekideari aukera bat sortzen bazaio ni ere talde beraren atea jotzen saiatzen naiz.

Abuztu amaieran iritsi zineten Mallorcara; nola joan da egokitzapena?

Lehen astean bero handia egin zuen eta kosta zitzaigun apur bat entrenamenduekin, baina, bestela, oso ondo. Mallorca irla ederra da, eta aukera asko dituzu.

Nola hartu zintuzten taldean? Nolakoa da?

Oso ondo hartu naute, hasieratik. Taldean adin tarte ezberdinetako jokalariak daude; jende oso gaztea dago, baina baita nire adin inguruko taldetxo bat ere. Egia esanda, oso eroso sentitu naiz. Aurretik taldea ezagutzen nuen, nire bikotekideak haien kontra jokatu izan duelako, eta banekien nesken taldea ere bazegoela.

Inoiz baino luzeagoa izan da denboraldi-aurrea; zer moduz joan da prestaketa?

Oso luzea izan da, hein batean arraroa ere, inoiz ez baitugu hain denboraldi luzea izan. Behin esan zigutenean 18an hasiko ginela, data hori zehatz izanda, gogo handiagoz hasi ginen entrenatzen. Ordura arte, ziurgabetasun puntu hori genuen, baina, egutegia finkatuta, orain gogor lan egitea tokatzen da.

Ligari dagokionez, zer moduz zaudete lehen partidurako?

Datorren asteburuan hasiko dugu liga: hilaren 17an, zehazki. Nesken kasuan, sei hilabete daramatzagu geratuta, ez da ezer mugitu ordutik, eta gogotsu gaude berriz ere jokoari ekiteko. Dena bertan behera geratu zenetik ez da ezer ere egon, eta irrikaz nago berriz ere partidu bat jokatzeko.

Nor izango duzue aurkari lehiara itzulera egiterakoan?

Lehen jardunaldia Mallorcan bertan dugu,hemengo beste talde baten aurka, Son Sardina taldea. Hiru ekipo gaude, guztira, irlan, eta gainerako partidak jokatzeko Bartzelona ingurura joan behar dugu. Nik ez ditut hemen gertuko aurkariak oraindik oso ondo ezagutzen, baina, esan didatenez, nahiko talde gogorra da, zelai txikia dute, gainera, eta, hortaz, aireko joko asko egongo dela aurreikusten dugu, kontaktu askoko partidua. Bagabiltza prestatzen; hortaz, ea zer egiteko aukera dagoen.

Hasiko duzuen denboraldiari begira zeintzuk dira helburuak?

Aurtengo taldea goiko postuetan ibiltzeko helburuarekin sortu da, jokalari indartsuak dituzte eta igoeraren bila joateko asmoa dago taldean, aukerak daudela ere uste dut. Nik neuk ere ahalik eta hoberen iritsi nahi dut ligara, eta ea jokatzeko aukerak ditudan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak