Ikasturte berrirako sei lan ildo zehaztu dituzte presoen aldeko Bergarako elkarretaratzean

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko ira. 25a, 21:05

Abuztuko etenaldiaren ostean gaur egin dute lehen elkarretaratzea. Uneotan herrian ez dago euskal presorik, baina bai bikotekide edota senitarteko bergararrak dituztenak. Haiek izan dituzte bereziki gogoan.

Gure Artera Sare eta Etxeratek antolatutako ikasturteko lehen elkarretaratzea izan da, eta Lexuri, Josu, Alicia, Aitzol, Oskarbi eta haien senitartekoak izan dituzte gogoan. Amaieran, hurrengo hilabeteetako sei lan ildo nagusiak finkatu dituzte: urrunketa, zigorren batuketa, motxiladun umeak, emakumea eta kartzela, preso adinduak eta preso gaixoak.

Azaldu dute bost presoek pairatzen dutela urrunketa: "Gertuen dagoena 550 kilometrora dago". Bestetik, zigor batuketak ez gauzatzeak presoei bete beharreko kondena luzaraztea dakarrela salatu dute. "Josuren kasuan zigor osoa beteta irtengo da kalera, 30 urte", esan dute.

Bergaran, bestetik, motxiladun bost haur daudela ekarri dute gogora: Orkatz (2), Ihortziri (8) eta Zohargi (11) , Zura (10) eta Ortzadar (15). Eta Alicia, Lexuri eta Oskarbi bakartuta daudela azpimarratu dute. "Espetxean, gizarte honetako gainontzeko instituzioetan moduan, sistema patriarkala da nagusi".

Krisi sanitarioa aitzakia hartuta espetxeetan komunikazio eskubideak urratzen ari direla salatu dute: "Soilik lokutorio bidezko bisitak baimentzen dira (...) Espetxe politika anker hau aldatu beharra daukagu (...) Hurrengo hilabeteetan Izan bidea ekimena indarrez bultzatu behar dugu".

Urriaren 3an egitekoa den mendi igoeraren berri ere eman dute. "650 tontorretara igoko gara. Bergaran, Osintxuko eta Angiozarreko lagunekin eta gazteekin batera 9 tontor egitera goaz: Irutontorreta, Intxorta, Asentzio, Krabeleinaitz, Elosumendi, Irukurutzeta eta Kurutzebakar, Landarraitz eta Klabelinaitz. Irteeretan parte hartzeko eman izena Pol- Polean eta Arranon. Bestela, goizeko 8:30ean, azaldu plazan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak