Berrogeita hamar musikarik osatzen dute Kamerata Euskdivarius orkestra, baita hirurogei koralistako koruak ere. Atzo interpretatutako Bigarren Sinfoniak ahotsik ez duela eta, prestakuntza instrumentala baino ez zen aritu Santa Marina parrokian. Mirian Moñux bergararrak biolinarekin hartu zuen parte atzokoan eta Arkaitz Mendozaren ardura izan zen batuta.
Kontzertuak 200 lagunendako lekua zuen, segurtasuna mantentzeko asmoz, Kamerata Euskadivariusetik azaldu dutenez "harrera polita" izan zuen emanaldiak: "Ordu eta laurdeneko iraupena izan zuen emanaldiak eta herritarren erantzuna oso ona izan zen. Egia da edukiera murriztuaren kontuarekin 200 lagunendako lekua zegoela eta beteta egotea espero genuen. Ez zen hala izan baina bertaratu ziren herritarrek oso ondo hartu gintuzten".
Musika klasikoarekin hitzordu ugari
Atzoko topaketarekin, udazkeneko kultur programazioan musika klasikoari eskainitako zikloa irekiko da. Datorren ostiralean, 20:00etan, Kea Ahots abesbatzaren kontzertua izango da Santa Marinan, eta irailaren 27an, igandean, Euskal Barrokensemble laukotearen kontzertuaz gozatzeko aukera izango da, Santa Marinan, 19: 00etatik aurrera.