Soraluce txapelketa, Errioxara eta Nafarroara

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko ira. 12a, 13:17

Promes eta senior mailako txapeldunak eta azpitxapeldunak.

Atzo jokatu ziren, Bergarako udal pilotalekuan, XI. Soraluce txapelketako finalak. Promes mailan Jorge Fernandez errioxarra izan zen garaile, 22-16. Senior mailan, berriz, Iker Espinal nafarra izan zen garaile,  22-7 irabazi ostean Aitor Etxeberria lemoarrari. "Emaitzak adierazten duena baino gogorragoa izan zen senior mailako finala", adierazi dute antolatzaileek.

Promes mailako finala, emaitzak parekotasuna islatzen badu ere, Fernandez nagusi izan zen nabarmen eta aldiz senior mailakoan markagailuak ez zuen ohore egin udal pilotalekuko kantxan ikusi zen lehiari. "Partidu gogorra jokatu zuten Fernandezek eta Unai Alberdi azpeitiarrak. Denbora luzez aritu ziren lehian, eta Fernandezek tantoak bukatzerakoan erakutsitako abileziak desorekatu zuen balantza", adierazi du BKEko Pilota saileko arduradun Julen Aranburuk.

Pandemiak baldintzatuta

Aranburuk aitortu du COVID-19ak eraginda "hainbat buruhauste" izan dituztela ohiko egoeran martxoan jokatu beharko ziren Soraluce txapelketako finalak antolatzeko. "80 laguneko edukierara mugatu behar izan genuen pilotalekua eta martxoan ohiko egoeran egingo balitz askoz jende gutxiago egongo zen harmailetan. Klubeko zortzi lagun egon behar izan ginen protokoloa ondo bete zedin eta esan beharra dago ikusleek ondo errespetatu zutela. Pozik gaude, txapelketa garrantzitsua da guretako", dio Aranburuk.

Hastera doa III. Bergara Hiria Emakumezkoen Pilota Txapelketa

Bestalde, irailaren 15ean hasiko da Bergara Hiria txapelketaren hirugarren edizioa (18:30). Txapelketako lehen final laurdenak jokatuko dira promes eta senior mailan; hurrengo martitzeneroko partiduak 19:30ean hasiko dira. Finala urriaren 13an jokatuko da. "Soraluce txapelketan bi euroko sarrera kobratu genuen, baina txapelketa honetan ez dugu sarrera kobratuko", gaineratu du Aranburuk.

Erlazionatuak

Soraluce pilota txapelketako finalak argazkitan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020 ira 12 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak