COVID-19ak eraginda ezohikoa izan zen bikote nagusiendako dantza solte txapelketaren 35. edizioa. Bikote kopuruan igarri zen: hamalau bikotek eman zuten izena aurtengorako baina azkenean hamar izan ziren Seminarixoko oholtzara igo zirenak. Eta nabaritu ziren publikoan ere, Seminarixoko edukiera nabarmen jaitsi zelako. Hala ere, behar diren neurri guztiak hartuta kultura "segurua" dela aldarrikatu zuten antolatzaileek.
Honako hamar bikote hauek hartu zuten parte:
- June Elorza - Eneko Sarasua (Azpeitia-Azkoitia)
- Maren Galvez - Gorka Granado (Lezo-Sopela)
- Nagore Kerejeta - Aner Kerejeta (Azpeitia)
- Irati Olaizola - Idoia Narbaiza (Legazpi)
- Jon Ander Iriondo - Maider Arrieta (Azpeitia)
- Katerin Artola - Iker Belintxon (Oiartzun-Lezo)
- Maitane Irurzun - Gorka Duran (Aduna-Villabona)
- Elaia Elorza - German Aranburu (Azpeitia)
- Saioa Galarraga - Julen Murgiondo (Bergara)
- Gorka Kerejeta - Leire Eizmendi (Azpeitia-Errezil)
"Etxekoei eskaini nahi diegu"
Bergarako txistulari bandaren eta Estanga anai-arren trikiti doinuen agindutara, hamar bikoteek maila altua eskaini zuten. Ana Anzak, Gabriel Alonsok eta Jone Idiazabalek osatzen duten epaimahaiak ez zuen lan ona izan baina, esandako moduan, bikote bergararrari eman zioten lehen saria –garaikurra, txapela, zapia eta 200 euro–. Txapelketa amaieran GOIENAri azaldu ziotenez, "oso pozik" daude bigarren urtez jarraian irabazi izanagatik: "Ez dugu nahi moduan entseatzerik izan baina gustura gaude egin dugunarekin. Iazkotik tiratu dugu hein baten eta maila gutxienez mantendu dugu. Seminarixora gerturatu direnei eta etxekoei eskaini nahi diegu txapela".
Bigarren saria Oiartzun eta Lezotik etorritako Katerin Artolak eta Iker Belintxonek irabazi zuten –garaikurra eta 180 euro– eta hirugarren saria –garaikurra eta 170 euro–, berriz, Aduna eta Villabonatik etorritako Maitane Irurzunek eta Gorka Duranek.