Garai berriak da plataforma berriaren leloa, eta azken urteotan Bergarako kirol zuzendari izan den Manu Diaz da talde barruan presidente izateko hautagaia. "Talde polita osatu dugu, baina ez dago erabat itxita, orain momentuan hogei bat lagun izango gara eta horrekin %80 inguru dugu osatuta; gustura hartuko genuke jende berria, eta emakumezkoak balira, hobeto", adierazi dio Manu Diazek GOIENAri.
Bergarakoaren esanetan, plataforma berriaren helburua da klubak eta jokalariak Federazioaren lehentasunen artean egotea: "Plataforma osatu dugu Gipuzkoako klub askotako ordezkariekin, Hirugarren Mailan dauden klub gehienetako ordezkariekin hasi eta baita Ohorezko Erregional Mailako ordezkariekin ere. Hala, egungo zuzendaritzako buruak, Juan Luis Larreak, 32 urtez dihardu Gipuzkoako Futbol Federazioa zuzentzen, eta uste dugu denbora larregi dela. Imajinatu beste edozein erakundetako zuzendaritzan hiru hamarkadatan jende berbera egongo balitz zer esango genukeen; bada, Federazioan berdin, erreleboa behar dute. Gipuzkoako Futbol Federazioak aire freskoa behar duela pentsatuta hausnarketa prozesua hasi genuen, eta taldea aurkeztea erabaki dugu".
Federazio irekia
Aurreratu moduan, futbol jokalarien eta kluben interesak defendatuko duen Federazioaren aldeko apustua egitea da asmoa, eta "Federazio ireki" baten alde egin gura dute: "Berez, urriaren 31rako egon beharko litzateke eratuta hauteskundeak deituko dituen asanblada, baina, zergatia ez dakigun arren, prozesua oso atzeratuta dagoela uste dugu. Behin asanblada eratuta, hauteskundeak, berandu jota, azaroan edo abenduan egin beharko genituzke".
Aurpegi ezagunak ondoan
Manu Diazen bueltan Debagoieneko hainbat aurpegi ezagun daude gaur aurkeztu duten plataforman. Hala, Bergara KEko ordezkari Javier Ibarra eta Iosu Elorza bergararrak, eta ibarreko hainbat futbol taldetan entrenatzaile izandako Josu Zubia aretxabaletarra. Eurekin batera, aipatu moduan, Gipuzkoako klubetako beste hainbat ordezkari daude taldean.