Hilaren 15ean, bi makila hartu eta bakoitzak bere balkoi edo leihotik San Martin martxa jotzeko gonbita egin du Bergarako Udalak, indarrean dagoen araudira egokitzeko eta, beste urte batez, danbor hotsaz gozatzeko. Udalak bere youtubeko kanaletik botako du martxa: irailaren 15ean, 22:30ean eta 16an,17:00etan.
Uztailaren 8an bilera egin zuten udal ordezkariek danborradako zuzendari eta parte-hartzaileekin, eta danborrada egiteko aukeraren bat bazegoen ere, araudi berriak ez du halako ekimenik baimentzen. Ezin da erromeriarik edo musika eta dantza erakustaldirik egin espazio irekietan, ezta bestelako herri ekitaldirik ere; esaterako, desfile gisako ikuskizun ibiltariak edo jendeak bide publikoan lagundutakoak.