Reyes Azkoitiaren taldeak irabazi du 'Plazandreak' txapelketa

Mirari Altube Arrese 2020ko abu. 28a, 08:01

Olatz Arrizabalagak (Gernika), Irantzu Etxebestek (Bera) eta Nora Mendizabalek (Andoain) osatutako taldeak, Reyes Azkoitia bergararraren esanetara jardun duenak, irabazi du Laboral Kutxa Udako Torneoaren lehen edizioa. Arrate Bergara pilotari bergararra, honenbestez, azpi txapeldun geratu da.

Atzo, abuztuak 27, jokatu zen finala Bilboko Bizkaia pilotalekuan.

Azkoitiaren taldeak (urdina) Mikel Inuntziagarena (gorria) izan zuen aurrez aurre; hirukote horretan zegoen hain zuzen beste bergarar bat Arrate Bergara, Iera Agirrerekin (Leitza) eta Amaia Aldairekin (Dima) batera.

Finala buruz buruko lehen norgehiagokarekin hasi zen, entrenatzaileen arabera txapelen norabidea erabaki zezakeen partidarekin, hain zuzen ere. Amaia Aldai eta Olatz Arrizabalaga izan ziren aurrez aurre, eta Arrizabalaga izan zen nagusi kantxan (5-12).

Arrate Bergarak, bere partidua irabazi

Bigarren partiduan Iera Agirre eta Arrate Bergara bikote gorriak, Irantzu Etxebeste eta Nora Mendizabal urdina izan zuen aurrez aurre. Agirre aurrelari leitzarrak ez zien aukerarik eman aurkari gazteei (12-3). Gorriek irabazi zuten partidu bakarra izan zen.

Kontuak hala, azken neurketan erabaki zen finala, bigarren buruz burukoan. Agirrek eta Arrizabalagak jardun zuten nor baino nor gehiago kantxan, eta azken horrek aise irabazi zuen partidua (1-12).

Bizkaia pilotalekuan 400 zale baino gehiago elkartu ziren finala bertatik bertara jarraitzeko eta ateak itxi behar izan zituzten jende gehiago ez sartzeko, segurtasun neurriengatik.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak