Bergarako udaltzaingoak jakinarazi duenez, auto bat Bergarako saihesbidetik maldan behera erori da, belardian barrena, arratsaldean. Anbulantzia bertaratu da eta tokian bertan artatu dute gidaria. Susto handia izan den arren, gidaria arin zauritu da eta beste inork ez du minik hartu, zorionez. Zenbait autok kalteak dituzte. "Hasiera batean, badirudi zauri arinak dituela gidariak eta onik dagoela. Debagoieneko Ospitalera eroan du anbulantziak. Autoa saihesbidetik 5-6 metro inguruko altueratik erori da Aspace aurreraino", zehaztu du udaltzaingoak. Istripua nola gertatu den aztertzen ari dira.
Lur-jausi txikia
Ertzaintzak, bestalde, ez du aparteko ezbeharren berri izan. GOIENAri adierazi dionez, soilik lur-jausi txiki bat gertatu da Arrasatetik Bergarako noranzkoan, GI-627 errepidean 18:15 aldera. Une honetan errepidea garbi dago eta ez dagoela inolako arazorik bailarako errepide sarean azpimarratu dute.