Gorlako kantina ondoko aparkalekutik irtengo gara. Errepidea zeharkatu, eta bestaldean ikusten den bide nabarmena –Elosuko norabidean– jarraituko dugu. Horrek Benta baserriraino eramango gaitu. Baserria atzean utzi eta ondoan dagoen Santutxuko ermitara joango gara –iturria–. Ermitaren ezkerretik doan errepidetik jarraituko dugu. Labeaga baserria eskuman utzi eta bidegurutze batekin topo egingo dugu. Eskumako adarra hartuko dugu –bueltan ezkerrekotik etorriko gara–; gure ibilbidea zuriz eta horiz markatuta dago orain.
Ezkerraldetik Azpeitia eta Azkoitia ikusiko dira, baita Izarraitz mendikatea ere.
Gorantz egingo dugu, eta ezkerraldetik Azpeitia eta Azkoitia ikusiko ditugu, baita Izarraitz mendikatea ere. Bide beretik jarraituko dugu, errebuelta handi batera heldu arte, eta bertan eskumako adarra hartuko dugu. Markak jarraitu beharrean, bidexkatik joango gara. Hori jaisten hasten da berehala, basoan sartuz. Txabola batera helduko gara eta ezkerretik doan bidea jarraituko dugu, eta Irukurutzeta tontorrera helduko gara.
Tontorrean atseden hartu eta ikuspegiez gozatuko dugu: Izarraitz, Ernio, Anboto, Udalatx, Urko eta Sollube. Gero, Elgoibar aldera joko dugu. Arribiribilleta zutarri ondotik pasako gara, pitin bat jaitsi eta ezkerraldetik Kurutzebakar tumulu ondotik doan bide batetik joango gara. Basotik goaz, baina berehala zelaitxo batera helduko gara. 180 gradu biratuz, pitin bat gora eta eskumarantz doan bide bat hartuko dugu, hasieran lauan eta gero jaisten.
Errekasto bat zeharkatu ondoren, eskumako bide batetik joan behar da beherantz.
Hurrengo bidegurutzean eskumara, eta hurrengoa ere eskumara, beti jaisten –han-hemenka marka zuri-horiak ikusiko ditugu–, zabalgune batera heldu arte. Errekasto bat zeharkatu ondoren, eskumako bide batetik joango gara beherantz. Bide hori, gero, pista da. Aurrera egingo dugu zuzen. Baserri bat ikusiko dugu pista azpian. Bidegurutzean ezkerrera egin eta Santutxu ondoko bidegurutzera helduko gara. Gero, bertara iristeko erabili dugun bidetik joango gara, Gorlako kantina ondoko aparkalekura.
Fitxa teknikoa:
• Distantzia: 14,62 km.
• Iraupena: 4-5 ordu inguru.
• Zailtasuna: Erraza.
• Ibilbidea: Zirkularra.
• Seinaleztatuta: Aldizka.
• Bide mota: Basoko pistak eta bidexkak.