Berumuga musika zikloa izan da uztailean musika eskaintza nagusia, blues, rock-and-roll eta bestelako doinu dantzagarriei tokia eginda; abuztura begira askotariko musika estiloak zuzenean entzuteko aukera izango da, Kultura Mahaiak –Udala herriko elkarteekin elkarlanean– osatutako eskaintzan.
Kontzertu guztiak aire librean dira, herriko txoko ezberdinak agertoki bihurtuta. Emanaldi guztiak doan dira, baina edukiera mugatua dute; ez dago aurre-salmentarik.
Jazza, Osintxuko plazan
Bluelounge Quartet taldeak jazz doinuekin zipriztinduko du abuztuaren 5eko iluntzean Osintxuko plaza. Ibilbide handiko Kataluniako musikariak izango dira agertokian, eta, jatorri askotariko jazz doinuez gainera, Argentinako eta Brasilgo kantu ezagunen moldaketekin osatu-tako dute errepertorioa.
Bulego, diskoa aurkeztera
Otsailean Hegan kanta argitaratu zuten, eta lehenengo kontzertua eman eta itxialdia etorri zen segidan. Abestiak ateratzen aritu dira eta sare sozialetan zabaldu dute lehen EPa, irratietan ere hedapen handia duena."Ekainaren 20an kontzertu handi bat egin zuten Azkoitian, eta Bergarakoa izango da bigarrena. Gure helburua proiektu berriei tokia egitea izan da eta oso pozik hartu zuten proposamena", adierazi du Kultura Mahaiko Aritz Alustizak.
Xabi Bandini hirukotea
Iaz urte bukaeran argitaratu zuten Biba! lan Kerobia taldean ibilitako Xabi Bandinik eta Alberto Isabak Lur Larrazarekin batera. Aurkezpen-kontzertu askorik ez dute egin, eta jotzeko "gogotsu" datozela dio Alustizak: "Jotzeko irrikaz daude, eta kontzertu indartsuak dituzte".
Energiaz beteriko elektro-pop zuzena egiten dute; sintetizadoreaz, teklatuaz, bateriaz eta gitarraz lagunduta.
Iker Lauroba eta Beste Urtaroak
Leire Leturekin, Olaia Inziarterekin, Urbil Artolarekin eta Llilena Susselekin osatu zuen Iker Laurobak Beste Urtaroak taldea. Laurobak grabatutako diskoetako kantuen folk bertsioak egiten dituzte, beste herrialde batzuetako musika tresnak gure kulturara hurbilduta.
Herriko Lemak eta Indai
Konfinamenduari etekina atera dio Lemak taldeak, hasieran kontrakoa zirudien arren. "Martxoan ginen entseguekin gogor hastekoak, baina ezin, eta sare sozialetan hasi ginen kantuak zabaltzen eta berriak sortzen. Estiloa definitu gabe, rock punkeroetatik, doinu lasaiagoak ere badituzte kantuek. Jaietako streaming kontzertuan oso gustura hartu genuen parte".
Nerea Aginagalde, Yune Nogueiras eta Leire Moñux lagunak itxialdian hasi ziren bertsioak egiten. Eurek ere "pozik" hartu zuten parte streaming-ekoan, baina aurrez aurrekorako zuzenekoan "sorpresak izango direla" iragarri dute.