Bergarako udako kultur egitarauaren barruan ere, Berumugaren baitan, musikak bere txokoa izango du asteburu honetan zehar. Hain zuzen ere, Miren Narbaiza eibartarrak 2019.urtean estreinatu zuen bere bakarkako Mice proiektua taularatuko du gaur, hilak 24, 22:00ean, Espoloian.
Ibilbide oparoa
Luzaroan Napoka Iria taldean aritu ostean, gerora beste bide batzuk zabaldu zituen Miren Narbaizak –Perlak, Joseba B. Lenoir, Dual Split...–, baina Mice bere proiektu pertsonalena da. Joseba Baleztena gitarra jolearekin eta Perlak taldeko Ilargi Agirrerekin batera lantzen dituzte pasarteak; melodikoak, gitarreroak, distortsio handikoak... betiere, Narbaizaren ahots bereizgarriak gidatuta.
Datorren asteetako aukerak
Gaurko ere, 16:30erako, aire libreko margotze saioa antolatu dute, Basalgon. Datorren astean, dantza tailerra egongo da Candem Town-en eskutik, martitzenean, 17:00etan, Seminarioko karpan. Eguaztenean, berriz, Maite Franco ipuin kontalariak ipuin kontaketa eskainiko du Angiozarren, 19:00etan.
Zirku ikuskizuna abuztuan
Abuztuaren 26an, zirku eta umo-rea ardatz nagusi duen ikuskizuna iritsiko da San Martin plazara, 19:00etan. Xabi Larrearen Up! ikuskizunak kale antzerkiaren hizkuntza erabiltzen du, ikusle eta espazio eszeniko guztietarako egokitu eta publikoaren barrea eragiteko: "Ironikoa eta energiaz betetako obra da, eguneroko gertakizunei aurre egiten diona, erokeriaz edo xelebrekeriaz".