Joseba Sarriegi: "Taldeari laguntzeko gogoz nator, dena emateko prest"

Jone Olabarria 2020ko uzt. 18a, 10:16

Barkero, Elorza, Joseba Sarriegi eta Elorriaga, aurrelariaren aurkezpenean.

Bere ibilbide osoa beasainen egin ostean, BKEren gizonezkoen Ohorezko Erregional Mailako taldea indartzeko asmotan dator Joseba Sarriegi aurrelaria.

Bergara Kirol Elkarteak Joseba Sarriegi aurrelaria (Beasain, 1994) aurkeztu zuen asteartean, datorren denboraldira begirako lehen fitxaketa, Andoni Escalona atezainak urtebetez berritu ostean. Bere ibilbide osoa Beasainen egin duen Sarriegi Hirugarren Mailan aritu zen orain dela bi denboraldi, nahiz eta azken denboraldia Preferente Mailan egin duen.

Zergatik erabaki duzu Bergararen aldeko apustua egitea?

Hirugarren Maila utzi ostean hainbat eskaintza izan nituen Ohorezko Erregional Mailako hainbat taldetatik, baina lana zela-eta Beasainen jarraitzea erabaki nuen aurreko denboraldian. Datorren denboraldira begira, Bergaratik eskaintza egin zidaten, eta, azken batean, banuen Ohorezko Erregional Maila probatzeko gogoa; hortaz; onartzea erabaki nuen.

Lehen hartu-emana duzu taldearekin honako hau...

Aurretik ez dut Bergararen aurka sekula jokatu, baina Andoni Escalona atezaina laguna dut, beasaindarra bera ere, eta, hortaz, ezagutzen nuen taldea. Berarekin hitz egin nuen eta giro polita dagoela aitortu zidan, talde gaztea dela eta jokatzeko eta lehiatzeko gogo handia duen taldea dela.

Zein da zure helburua datorren denboraldiari begira?

Ez dut taldearen jokoa askorik ezagutzen, baina ni dena emateko gogoz nator, taldeari laguntzeko gogoz eta, posible bada, golak sartzeko asmoarekin.

Taldeari dagokionez, nola ikusten duzu egoera?

Taldearen kasuan, denboraldia salbatzea izango da gakoa, nire ustez. Hasierako partiduetatik salbatzen saiatzea eta horrela lasaitasunez jokatu ahal izatea denboraldian zehar. Hala ere, ikusteko dago denboraldia hasten denean nola dagoen taldea. Denboraldi-aurrea abuztu amaieran astekoak gara, baina liga noiz hasiko den ez da ziurra oraindik; urrian izan daiteke.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak