Zapatuan, uztailak 18, ospatzen da Santa Marina eguna, eta jai horien baitan zenbait ekitaldi antolatu dituzte astebururako. Hala, domekan egingo du Bergarako txistulari bandak kalejira, Poligono-Santa Marina inguruan, 11:00etan hasita. Ohiko egoeran kalejira eta kontzertua egiten dituzten arren, aurten kalejira soilik egitea erabaki dute. Horrez gain, Alberto Laskurain Cañok, Bergarako Txistulari Bandako zuzendariak, hitzaldi irekia eskainiko du, online, zapatuan. Zuzendari batuak programaren baitan egingo du saioa.
Aritzeta abesbatza, bueltan
Zapatuan, Aritzeta abesbatzak Santa Marina eguna dela-eta egingo duten elizkizunean kantatuko du. Arratsaldeko zazpietan izango da, Bergarako Santa Marina parrokian. Urtero legez, uztailaren 18an, Santa Marina eguneko meza egingo dute, baina, koronabirusaren pandemiak baldintzatuta, parrokiako koruak emanaldia eskaini beharrean Aritzeta abesbatza arituko da.
Bandaren urteroko hitzorduak
Uztailean bi ekitaldi nagusi izan ohi ditu Bergarako Bandak urtero: Antzuolako jaietako kontzertua eta kalejira eta Santa Marinako jaietakoa. Aurten, baina, jairik egongo ez den arren, kalejira eta kontzertua egin beharrean, kalejira bakarrik egingo dute bihar goizean, hilak 18, Antzuolan. Domekan, berriz, kalejirari eta kontzertuari eutsiko diote eta segurtasun neurriak betetzeko asmotan emanaldia Bergarako pilotalekuan egingo dute, 12:30ean. Alarma egoeraren osteko lehen kontzertua izango da Bergarako Bandarentzat, eta, emanaldia doakoa izango den arren, sarrerak aldez aurretik hartu behar dira.
Dantzak ere plazan
Era berean, dantzak ere bueltan dira; izan ere, domekan, hilak 19, dantza emanaldia eskainiko du Moiazpi dantza taldeak San Martin plazan, eguerdiko hamabietan.