Urtero gonbidatzen du Udalak Arizondo Argazkizale Elkarteko kideren bat Aroztegi aretoan erakusketa jartzeko. Aurten ere elkarteko argazki bilduma da, baina bakarka beharrean taldean osatutako bilduma erakutsiko dutela dio Joseba Leturia elkarteko kideak: "Ez zeukan astirik berak bakarrik egiteko, eta elkarrekin egitea proposatu genion aurten, eta datorren urtean, ahal bada, berak egingo du; Udalari ondo iruditu zitzaion. Ohiko segurtasun neurriez gainera, ez dugu besterik hartuko. Ia prest genuen guztia, baina zain egon gara aretoen arautegia atera arte, eta orduan egin ditugu azken lanak. Pozik gaude zabaltzeko aukera dugulako".
Bi astez izango da Begiradak-Miradas ikusgai, uztailaren 10etik 26ra: asteartetik ostiralera 18:00etatik 20:30era; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta igandeetan eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara.
Hamahiru begirada
28 dira elkartean eta kide guztiei proposatu zieten erakusketan parte hartzea, eta hamahiruk eman zuten baiezkoa. Argazki digitala lantzen dute guztiek, baina bakoitzak bere estilora, Leturiaren esanetan: "Bakoitzak bere begirada du. 39 argazki horiek desberdinak dira. Norberaren begirada ezagutzera ematea eta bata bestearen ondoan jarrita erakustea da gure hel-burua. Hiru argazki ditu bakoitzak –60x40 neurrikoak–; baldintza bakarra, hiruren artean lotura izatea".
Tradizio handiko elkartea
Orain dela 30 urte elkartu ziren, Pol Pol argazki taldea izenarekin orduan, eta Arizondo Argazki-zale Elkartea izena hartu zuten geroago. Zabalotegi kalean dute lokala, eta astelehenero elkartzen dira. "Batak besteari argazkiak eta halakoak erakusten sekulako tertuliak egiten ditugu 19:30etik 21:30era".
Erakusketako argazkilariak
Arizondo Argazkizale Elkarteko hamahiru kidek elkarlanean osatu dute uztailaren 10etik 26ra Aroztegi aretoan ikusgai izango den bilduma. Egile bakoitzak hiruna jarriko ditu, elkarrekin ikuspegi zabala eskainiz horrela.
- Alex Molano Erretratuak
- Benito Cantero Italiako Dolomitetako paisaiak.
- Eduardo Rodriguez Berlingo eraikinak.
- Felix Idigoras Hegazti harrapakariak.
- Imanol Mondragon Pirinioetako mendiak.
- Iñaki Zabala Euskal Herriko paisaiak.
- Jose Agustin Gurrutxaga Erretratuak eta paisaia.
- Jose Luis Feo Erretratuak.
- Jose Luis Irazabal Errioxako paisaiak.
- Joseba T. Leturia New Yorkeko eraikinak.
- Joxean Robledo Errekak eta ur-jausiak.
- Juan Antonio Unzurrunzaga Donostiako paisaiak.
- Juan Jose Lopez Azurmendi Pakistango mendietako paisaiak.