Uztailaren 12an "bi ereduren artean" aukeratu beharra dagoela esan du EH Bilduk Bergaran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko eka. 28a, 11:24

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainako Debagoieneko lehen ekitaldia egin zuen EH Bilduk atzo, ekainak 27, Bergaran. Nerea Kortajarenak, Lore Martinezek eta Bergarako alkate Gorka Artolak hartu zuten hitza; normaltasun berriak eskatzen dituen neurriak betez beti ere, 100 bat lagunek jarraitu zuten ekitaldia San Martin plazatik. Uztailaren 12an "bi ereduren artean" aukeratu beharra dagoela esan zuten.

Maitane eta Alex Arteaga anai arrebek zuzenean jo zuten abesti batekin abiatu zuten ekitaldi politikoa eta ondoren Lore Martinezek hartu zuen hitza; COVID-19ak euskarari eta kulturari egin ahalko dizkion kalteak arintzeko beharraz aritu zen besteak besteak, eta naziek Mauthausengo kontzentrazio-esparruan erail zuten bere senitarteko Pedro Axpe bergararra ere izan zuen gogoan: "Bergaran dago nire aitonaren anaiaren omenezko plaka: Pedro Axpe Sagasta, hemen jaio eta Alemanian, kontzentrazio-esparruan faxistek eraila, errepublikarra izateagatik".

Hain zuzen ere, Nerea Kortajarenak faxistei aurre egin behar zaiela adierazi zuen, besteak beste: "Zer nahiago duzue, faxista eta antifaxisten artean ekidistantzia eskatzen duen lehendakaria edo faxismoari aurre egiten diona?".

Kortajarenak hitza aurretik ekitaldiaren moderatzaileak elkarrizketa labur bat egin zion Bergarako alkate Gorka Artolari. Alarma egoera hasi zenetik egindako lanaz eta datozen hilabeteotan ere hartu beharko den neurriez aritu zen Artola, besteak beste.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak