Ekainaren 23an bueltatu zen Bergarako Banda entseguekin. "Egoerak aginduta, protokolo zorrotz bat jarraituz itzuli gara entseguetara: distantziak mantenduz, metakrilatozko panelekin, aulki eta atrilak desinfektatuz, eskuak garbituz... Okerrena da gure ohiko lokalean hori dena bete ahal izateko bi taldetan eta txandaka egin behar ditugula entseguak, eta horrela askoz zailagoa dela obren muntaia. Denboraldi-aurre bat bezala hartuko dugu", adierazi du Enrike Txurruka zuzendariak.
'Pobres y alegres', zuzenean
Lehen hitzordu publikoa domeka honetan izango dute, 11:00etan. "Hiruko lerroetan egingo dugu kalejira, distantziak mantentzeko. Ibilbidean zehar geldiuneak egingo ditugu bi pieza jotzeko, oso motzak, jendeari hurbiltzeko astirik ez emateko". Desfilatzen dugun bitartean, Miguel Gonzalez Bastidaren Pobres y alegres martxa ezaguna joko dute. Geldirik joko dituzte Amenabarren Arraunlariak, XX. mende hasierako pasodoblea eta doinu berriago bat, Pharrell Williams-en Happy-ren moldaketa.