Mobilizazioa 18:30ean hasiko da frontoian, baina ibilbidean zehar ekitaldiak eta geldialdiak egingo dituzte, kasu bakoitzean balio eta ideia jakinak azpimarratzeko. Ibilbide osoan zehar musika egongo dela ere azaldu dute, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete: “COVID19aren aitzakian, kapitala egiten ari den erasoaldiaren aurrean bizitzaren aldeko ekimen honetan parte hartzeko deia egiten dugu”.
Martxaren lehenengo ekimena frontoian izango da, eta arrazakeria salatzeko ekintza egingo dute: “Kolonizazioarekin hasi eta George Floyden hilketara bitarte izandako sarraskiak gogoratuko ditugu”.
Ondoren, azokan, tokiko ekonomia eta merkataritza txikia babesteko tartea hartuko dute; geldialdia baserritarren eta bertako-sasoiko produktuen aldekoa izango da.
Jarraian, jubilatuen etxean, pentsionistei elkartasuna helarazteko ekintza egingo dute: “Pentsio duinen aldeko aldarrikapenak zabalduko ditugu. COVID19a ez dadila aitzakia izan pentsionisten aldarrikapenak isiltzeko”.
Hurrengo geldialdia anbulatorioan izango da, antolatzaileen esanetan, “kalitatezko osasun publikoa” aldarrikatzeko eta langileei egiten ari diren lana “eskertzeko”.
Aurrekoari lotuta, zaharren egoitzan ere egingo dute geldialdia. Bertan, “langileen borrokarekin” bat egingo dutela azaldu dute, eta zaintza lanen aitortza egiteko tartea hartuko dutela: “Zaintza lanak aitortu eta duintzeko Zaintza Zerbitzu Publiko eta Unibertsala aldarrikatuko dugu”.
Bukatzeko, plazan, Eskubide Sozialen Kartak egindako aldarrikapenak batzeko amaiera ekitaldia egingo dute: lan, pentsio eta bizitza duina aldarrikatzeko, hain zuzen ere.