Aurreko asteko eguenean berrireki zuten musika entseguetarako lokala Bergaran, ia hiru hilabetez itxita egon ostean. Bergarako GoikoRock elkarteko kideek orduan izan zuten aukera Goiko Estazioko lokalak erabili eta, betiere, segurtasun neurriak jarraituz, taldeen ohiko martxa apur bat berreskuratzeko.
Duela hamaika urte, 2009an sortu zuten GoikoRock elkartea, eta musika estilo eta formazio ezberdinetako musikariek osatzen dute, taldeka edo bakarka; 80 bazkide eta 20 musika talde dira.
Erantzukizuna, musikariena
GoikoRock-eko bozeramaile Eugenio Pelicanok zehaztu duenez, hainbat neurri betetzeko baldintzarekin eta erantzukizuna musikariena dela argudiatuta eman die Udalak bertan entseatzeko baimena. Konfinamenduan zehar bazkideek adostutako arauak eta neurriak batzen dituen protokolo-dokumentu bat prestatu zutela azaldu dute, eta Udalari aurkeztu zioten.
Han jasota daude, besteak beste, lokal bakoitzean bost lagun baino gehiago ezin direla egon aldi berean; kideen artean bi metroko distantzia mantendu behar dela; bakoitzak bere tresnak bakarrik erabili behar dituela, eta, hala ez bada, garbitu; eta eraikinean maskara erabili behar dutela.
Taldeak, jotzeko "irrikan"
Lehen entsegu eguna izan zen eguenean, eta musikariek berriz ere elkartu eta entseatzeko aukera "irrikan" hartu dutela aitortu zuten. Lemak taldeko baxu jole Beñat Larrañagak aitortzen zuenez, entseatzen ari diren bitartean distantzia mantentzea "zaila" izan daitekeen arren, maskarak une oro ari dira erabiltzen. Lemak taldea aurten hasi da "seriotasunez" entseatzen, abestiak egiten edota bideoak grabatzen, eta COVID-19ak pro-zesu horren guztiaren "erdian" harrapatu dituela azaldu du Larrañagak.
Lehen balorazioa, positiboa
Zabaldu zutenetik astebete igarota, Eugenio Pelicanok azaldu du musikariak "neurriak jarraitzen" ari direla, instrumentu eta materiala desinfektatzen dutela erabilitakoan eta orokorrean arduratsu jokatzen ari direla talde guztietako kideak. Goiko Estazioko lokalak zortzi entsegu gela dituela azaldu du Pelicanok eta eraikinean jende gehiegi pilatu ez dadin txandak antolatu dituztela zehaztu du. Eraikinaren erabilera egokia egitearen garrantzia azpimarratu du.