COVID-19ak eraginda Lokatza ziklismo eskolak bizi duen egoeraren berri eman du Ion Unamunok, lehendakariak. Aurreikusitako hainbat proba bertan behera utzi behar izan dituzte, eta Gorlako Igoera ere "zalantzan" dago irailera begira. Hala ere, "gogorrena" txirrindulariek bizi izan duten egoera dela azpimarratu du.
Maiatzean jakinarazi zenuten hiru proba garrantzitsu bertan behera geratu direla. Zer eragin izan du?
Emakumezkoen San Martzialgo igoera, San Antonioko proba eta Antzuola DH proba bertan behera uzteaz gain, eskola arteko bi proba ere ezin izan dira egin. Antolaketa mailan baino gehiago, txirrindulariei eragin die; kirol talde bat gara, kluba pertsonek osatzen dute eta eskola moduan asko eragin digu.
Nola bizi izan duzue konfinamendua eskola barruan?
Entrenatzeko orduan, etxetik prestatzen egon behar izan dute neska-mutikoek, eta horrek dinamika asko apurtu du; batek edo bestek utzi dute dagoeneko txirrindularitza. Motibazio falta denok izan dugu. Gogorra izaten da horrelako egoeretan aurrera egitea; are gehiago, txirrindularitza bezalako kiroletan.
Ekintza berezi batzuk egin dituzue aste hauetan...
Spinning saioak egin ditugu online bidez, dietetikari buruzko solasaldiren bat ere online eman dugu. Zerbait, behintzat, eskaintzen ibili gara zaleei eta klubeko kideei. Gorlako Igoera birtuala ere egin genuen, online plataforma bat erabilita, Caja Rural taldeko hainbat profesionalekin batera. Hala ere, zaleak errepidean txirrindulariak animatzen ikustea ezin da konparatu etxean Internet bidez egitearekin. Klubak berak baino gehiago, txirrindulariek sufritu dute egoera honetan.
Gorlako Igoera ere zalantzan duzue...
Klub moduan bere prestigioa du Gorlako Igoera antolatzeak, egutegian gorriz markatutako data bat da askorentzat, eta hori ez antolatzeak kalte egingo lioke klubari. Azpimarratutako data bat izaten da guretzat, baita gure babesleentzat; apustu bat egin dute guregatik, esaterako, Bolintxo eta Lana gure babesleek, baita herriko beste hainbat komertziok. Euskarri ekonomiko garrantzitsua dira, eta proba hauek bertan behera lagata hori ere erdipurdi geratzen da.
Baduzue datarik esku artean?
Irailaren 27a proposatu ziguten lehen aldiz, baina Espainiako Kopako proba bat jokatuko da egun horretan bertan eta txi-rrindulari askok ezingo lukete parte hartu. Irailaren 12a ere esku artean izan dugu, baina baliteke data horrek San Martin jaien aurreko zapatuan egin ohi den azokarekin kointziditzea. Data berri baten bila lanean jarraitzen dugu, oraingoz.