Frontoi estaliak erabili ahalko dira Bergaran, gaur hasita

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko eka. 5a, 12:36

Boluko frontoia izango da gaurtik aurrera erabili ahalko den azpiegituretako bat; betiere, segurtasun neurriekin.

Bergarako Udalarenak diren gune batzuk zabalik daude edo datozen orduetan irekiko dituzte; betiere, segurtasun neurriak hartuta: Uberako, Zabalotegiko eta Boluko frontoi estaliak, liburutegia, hilerria eta Laboratorium, kasu; Agorrosin noiz irekiko duten ez dute erabaki oraindik.

Konfinamendu-arintzearen fase berri honetan, izaera sozialeko ekintzak betiere segurtasun neurriak ahalbideratuta baimentzen ari diren honetan, Udalak jakinarazi du gune batzuk zabaldu egingo dituztela. Hilerriak astebete egingo du gaur zabalik, eta, gune irekia izanik, ez da sarrera mugatu; nahikoa da jendearen arteko distantziak mantenduta edo, segurtasun distantziak mantendu ezin direnean, maskarak erabilita. Udalak bi aldaketa txiki egin ditu hilerrian: batetik, loreak ureztatzeko iturri ondoan eskuragarri zeuden ontziak kendu egin dituzte. Hortaz, egoera aldatu artean, norberak eraman beharko du ontzia. Eta, bestetik, hiru zabor-guneetatik bi kendu eta bakarra utzi dute, oinpekoarekin zabaltzeko modukoa.

Gaur irekiko dira Labegaraietako kanpoko gunea eta tenis pista, eta baita herriko pilotaleku itxiak ere. Hau da, gaur irekiko dira Uberakoa, Bolukoa eta Zabalotegikoa; Udal Pilotalekua ere gaur irekiko dute, baina, momentuz, federatuen entrenamenduetarako bakarrik izango da. Zerbitzu horiek erabili ahalko dira segurtasun baldintzak beteta eta, betiere, aldagelak itxita daudela; azken horiek erabiltzea galarazita dago.

Hainbat talderen lokalak ere bai

Udal liburutegiak ere gaur irekiko ditu ateak, 08:30etik 14:30era. Zapatuan ere zabalik egongo da, 09:00etatik 13:00etara. Erabiltzaileek mailegu berriak hartu ahalko dituzte; betiere, liburutegiko langileei eskatuta. Eta umeek guraso batek lagunduta joan beharko dute. Heldu zein ume, musukoa jantzita sartu beharko dira liburutegira. Laboratorium zapatuan irekiko dute, distantziak mantentzeko aginduarekin eta ohiko ordutegian: eguazten eta eguenetan, 10:00etatik 14:00etara; egubakoitz eta zapatuetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara; eta domeketan, 10:00etatik 13:00etara.

Horrez gain, Udalarenak diren baina beste eragile batzuek erabiltzen dituzten hainbat lokal martxan daude: Goikorock-en musika taldeen entsegu lokalak; Beart-en Boluko lokala; Alai taldearen eta Aritzeta abesbatzaren Mizpildiko eliza; eta Arizondoren, Taila elkartearen, Buztinzaleren eta erraldoi taldearen Zabalotegiko lokalak, besteak beste. Beste lokal batzuk ere zabaldu ahal izango dira, baldin eta 15 pertsonatik gora elkartzen ez badira eta segurtasun neurriak betetzen badituzte. Agorrosingo kiroldegia noiz ireki "aztertzen" ari da Udala, baina ez dute oraindik erabaki.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak