Jose Javier Barkero: "Goranzko bidean ari ginela harrapatu gintuen Koronabirusak"

Jone Olabarria 2020ko eka. 5a, 12:08

Jose Javier Barkero entrenatzailea, prestaketa saio bateko irudian.

Lehen denboraldia izan du aurtengoa Jose Javier Barkerok ohorezko erregional mailako taldea zuzentzen. Taldearen egoeraren eta denboraldiaren balorazioa egin du.

Ohorezko erregional tadea zuzendu ostean, datorren denboraldian ere talde bereko entrenatzaile izaten jarraituko du Jose Javier Barkero aretxabaletarrak. Jokatutako azken jardunaldira arte, 15. postuan zegoen taldea sailkapenean, 23 punturekin. Fokua datorren denboraldian jarrita dagoeneko, lanean jarraitzeko "gogoz" agertu da Barkero.

Denboraldia bertan behera geratuko zela jakitean, erabakia nola hartu zenuten?

Azken batean, salbatu egin gara, eta hori zen guk finkatutako helburua; denboraldia salbatzea, nahiz eta azkenean COVID-19ak eraginda izan. Alde horretatik, esan daiteke ondo etorri zaigula erabaki hori. Bestalde, baina, goranzko bidea egiten hasita geunden momentu batean harrapatu gintuen, taldea dinamika harrapatzen zebilen eta taktikoki ere askoz hobeto ari ginen. Pena izan da noraino heltzeko gai ginen ezin ikustea. Albistea iritsi eta ziur jakin genuen arte, zalantza asko genituen; hirugarren mailan Gipuzkoako bi talde jaitsi beharko lirateke, eta gu ere hor zalantzan egon ahal ginen, nahiz eta COVID-19a iritsi zen unean salbatuta geunden.

Lehen denboraldia izan duzu taldea gidatzen. Nolako taldearekin egin zenuen topo?

Oso ondo hartu ninduten, harrera beroa izan zen hasieratik eta oso eroso sentitu naiz denboraldi osoan zehar. Bost urtean entrenatzaile berbera izandako talde bat zen, bost-sei jokalarik taldea utzi berri zuten eta hauen hutsunea jokoan igartzeko beldur handia zegoen, bai klubaren partetik, baita taldearen baitan ere. Egoera ez da batere erraza izan, baina lanarekin eta jokalarien gogoekin talde bat izatera iritsi gara. Gauzak ondo joaten hasi zirenean, baina, iritsi zen koronabirusa; urte gogorra baina polita izan da niretzat.

Hasiera nahiko aldrebesa izan zenuten, baina hobera egin zuen gerora egoerak...

Denboraldi honetako gauzarik okerrena bi garaipen jarraian lortu ezin izana izan dela esango nuke. Beheko postuetara kondenatu gintuen horrek, eta presio handia eragin du; etxetik kanpo ez dugu emaitza on askorik lortu, eta, hortaz, etxean jokatzean askoz presio handiagoarekin egiten genuen. Hala ere, denboraldia etxean jokatutako partiduekin salbatu dugu, eta datorren denboraldira begira landu beharreko zerbait izango da. Oraingoari begira, uste dut maila eman dugu kategoria mantendu ahal izateko, eta hori da garrantzitsuena.

Nola bizi izan duzue, talde modura, itxialdia?

Kirol talde gehienek egin bezala, gu ere online bidezko ariketa batzuk egiten ibili gara. Dena den, zaila zen taldean elkartze-ko uneak topatzea. Konfinamendua bukatu zenean, taldeka batzen hasi gara; hitz egiteko, gehienbat. Kirolik ezin dugu egin, baina animikoki asko laguntzen digu taldekideekin elkartu eta inpresioak trukatzeak. Komunikazioa mantentzea oso garrantzitsua da. Hiru hilabete futbol gabe asko da gazteentzat eta gogoz daude berriz ere zelaira itzultzeko. Dena den, tentuz gabiltza, ez dakigu noiz entrenatu ahal izango garen batera. Berriak ez dira heltzen, eta itxaron egin beharko dugu.

Hortaz, datorren denboraldian pentsatzen hasiak zarete..

Aurtengoa hobetzea da datorren denboraldira begira erronka. Ez dugu aurreikusten aldaketa askorik egongo denik taldean datorren denboraldira begira; pare batek utzi egingo dute taldea, baina gazteak sartuko dira. Taldean aurrerapausoak eman behar dira beti.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak