Jone Agirrezabal: "Helburua lehen mailan mantentzea izango da"

Jone Olabarria 2020ko mai. 15a, 15:38
Otsailaren 22an Las Rozasen (Madril) Ingenieros industrialesen aurka jokatutako partiduko irudia . FELIX BEITIA

Espainiako Errugbi Federazioak hartutako erabakiaren ondoren, lehen mailan arituko da Eibarko emakumezkoen errugbi taldea, eta bertan lehiatuko da Jone Agirrezabal bergararra.

Lehen mailan jokatuko du datorren denboraldian Jone Agirrezabal (Bergara, 1994) errugbi jokalariak. Laugarren denboraldia du aurtengoa Eibarko Avia taldean, eta, hain zuzen, Oho-rezko B mailan onenak izan ostean, liga nagusian jokatuko du datorren denboraldian.

Bergararra izanda, nolatan hasi zinen errugbian?

Donostian ikasten ari nintzela hasi nintzen, Bera Beran. Lagun batek probatzera joatera animatu ninduen eta banekien behin joanda itzuli egingo nintzela. Hala izan zen.

Orain, Eibarren ari zara errugbian. Aurretik, baina, beste hainbat kiroletan aritu zara.

Aurtengoa laugarren denboraldia izan da Eibarren. Betidanik izan naiz nahiko kirolaria eta aurretik karatean eta futbolean aritu naiz. Mendira joatea ere oso gustuko dut; eskalada, snowa, eskia..

COVID-19a iritsi aurretik, denboraldi polita zenuten egina...

Aurreko urtean igo ginen Ohorezko B Mailara, bigarren mai-la izango litzatekeena, eta nahi-ko fuerte hasi genuen liga. Jokatu genuen azken partidua liga erregularreko azken partida izan zen, eta lehenengo eta bigarren postua genuen jokoan. Valentzian izan zen, Les Abelles taldearen aurka, eta irabaztea lortu genuen. Horrekin bukatu zen liga erregularra, partidu guztiak irabazita.

Zer geratzen zen jokatzeko ordutik aurrera?

Liga erregularra behin bukatuta, final-aurrekoa geratzen zitzaigun jokatzeko, eta, bertan irabaztea lortuz gero, finala. Hala, egoera honetan, Federazioaren erabakiaren zain egon gara. Kontaktuzko kirola da errugbia eta entrenamenduak oso garrantzitsuak dira kirol honetan sasoia mantentzeko; horrenbestez, zail ikusten genuen jokatzen jarraitzea.

Joan den astean izan zenuten Federazioaren erabaki horren berri...

Apirilaren 30ean hartu zuten lehen erabakia; mutilentzat bat eta emakumezkoentzat beste bat. Gure ustez, erabaki berbera hartu behar zen bi ligentzat, eta errekurritu egin genuen. Azkenean, zenbait bileraren ostean, erabaki bateratua hartu, eta emakumezkoen ligan ere ez zela jokatuko erabaki zuten.

Badago berdintasunik errugbian?

Eibarko klubari dagokionez, apustu sendoa egin zuten orain pare bat urte nesken errugbiaren alde. Babes handia ematen digute, maila guztietan daude emakumezko entrenatzaileak... Gizonezkoen tratu bera dugu. Bi urtean lortu dugu lehen mailara igotzea; klubaren babesik gabe ezinezkoa litzateke hori. Partiduei dagokienez, gero eta neska gehiago animatzen dira ikustera eta jokatzera. Orain urte batzuk, gorakada handia izan zen Euskadi mailan.

Nolako taldea zarete?

Gure taldearen ezaugarri nagusia txikiak garela da, argalak, baina oso azkarrak. Errugbiko jokalari bat imajinatzean, denok uste dugu handia izango dela, baina ez da gure kasua. Gure jokoa baloia asko mugitu eta korrika asko egitean oinarritzen da. Talde oso gaztea gara, 18 urte inguruko jokalari asko ditugu; alde batetik, ezaugarri positiboa da, gogo handia dugulako, baina lehen mailara esperientzia gutxirekin iristen garela sentitzen dut.

Datorren denboraldira begira, zein da helburua?

Bertan mantentzea, lehen mailan, izango da erronka. Liga batetik bestera ezberdintasun handia dagoela diote. Badakigu lan handiagoa egin beharko dugula bertan mantentzeko, baina prest gaude. Orain arte, astean hirutan egiten genuen ordu eta erdiko talde entrenamendua, eta gero, nork bere kabuz ere gimnasiora joan beharra du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak