Kalean jartzeko argazki zaharra aukeratzeko lehiaketa abiarazi du Bergarako Udalak

Jone Olabarria 2020ko mai. 12a, 17:24

Domingo Irala kalera ematen duen Seminarixoko fatxada izango da lehen argazkiaren kokalekua eta udal artxiboko hiru argazkiren artean aukeratu beharko dute herritarrek. Bozketan parte hartzen dutenen artean, 50 euroko bi bono zozketatuko dituzte.

Jakinarazi dutenez, herriko toki ezberdinetan argazki erraldoiak jartzeko asmoa dauka Bergarako Udalak. Lehenengo kokagunea Domingo Irala kalera ematen duen Seminarixoko fatxada izango dela azaldu dute eta bertan kokatuko duten argazkia aukeratzeko herritarren laguntza eskatu dute. Hemen eman daiteke botoa.

Honakoak dira argazkiak:

-1936ko San Martin plazako argazki bat

-1943ko Pazkoetako martitzeneko dantza txapelketa bat

-1963an umeen marrazketa lehiaketa plazan

Parte hartzeko deia

Ekimen honen helburua herriaren historiaren atalak kalera eta jendeaurrera ateratzea dela azaldu dute udaletik. Udal artxiboan "milaka" argazki daudela gogorarazi dute, edozeinek kontsultatzeko moduan. Norbaitek argazki horiei buruzko informazio gehiago badu, artxiboa@bergara.eus e-posta helbidera idaztea eskatu dute.

Bozketan parte hartzen dutenen artean, 50 euroko bi bono zozketatuko dituzte. Botoa emateko epea maiatzaren 21ean bukatuko da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak