'Amets bati lotuta' lana aurkezteko deseatzen

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko mai. 8a, 19:16

Bergarako Brigade Loco boskote gazteak prest du bigarren lana kaleratzeko. Argazkia: Brigade Loco

Brigade Loco taldeak prest du bigarren diskoa, baina zaleek itxaron egin beharko dute, oraingoz, eskuetan lan berria izan arte; ilusio handia dute Gasteizko Jimmy Jazz aretoan ekainaren 6an zuzeneko kontzertua eskaintzeko, streaming bidez.

Otsailean grabatu zuen Brigade Loco taldeak Amets bati lotuta izeneko bigarren lana; aurrekoa bezala, Julen Urzaizekin Iruñeko Sound of Sirens estudioan, eta Kataluniako Ultramarinos-en egin zituzten, ondoren, nahas- ketak eta masterizazio lanak.

Biniloan eta CD formatuan aterako dute; eta, dena prest duten arren, zaleen eskuetan jartzeko une egokiaren zain daudela azaldu du Oier Aperribai baxu-joleak: "Itxaron egingo dugu pixka bat, baina zuzenean jotzen hasi aurretik salgai jartzea da gure asmoa. Diskoaz gainera, posterra eta kamiseta berria ere aterako ditugu".

Sutan Grafik-ek egin du Brigada Loco taldearen bigarren diskoaren azala. Argazkia: Brigade Loco.

Aurrekoa baino "landuagoa"

Hamaika abestirekin osatu dute bilduma, taldeak egindakoak guztiak, bertsio bat ezik. Punk rock estiloa egiten izan jarraitzen dute, baina lehenengotik lan berrira bilakaera nabari dela dio: "Musika aldetik, landuagoa da; aurreko lanean egindako akatsetatik ikasi eta hobetzen saiatu gara. Abestiak sortzeko denbora gehiago hartu dugu, eta nik uste dut igartzen dela hori, abesti hobeak edo landuagoak dira. Hitzen gainean gehiegi kontatu gabe esango nuke irlandarren borrokari buruzkoa dela bat, eta Telesforo Monzoni eskainitako bat ere badagoela".

Herrian ere aurkezteko asmoz

Ekainaren 6an, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan egingo dute kontzertua zuzenean –streaming- etik–, Arrasateko Arkada Social eta Tafallako eta Larragako Rotten XIII taldeekin batera; eta sekulako ilusioarekin hartu dute proposamena: "Ez genuen espero kontzertuak hain azkar emateko aukerarik izango genuenik, eta, gainera, beste bi talde-lagunekin izango gara. Sekulako motibazioa izan da!".

Gasteizko emanaldia ez da diskoaren aurkezpen ofiziala izango; aurrez esan duten moduan, herrian aurkezteko gogoz daude: "Ez dakigu nola eta noiz egin ahal izango dugun, baina asmo berarekin jarraitzen dugu: San Martin plazan kontzertu handi bat egitea, lagun-musikariak gonbidatuta. Normaltasu- nera bueltatzen garenean, ekin- tza asko egongo dira pilatuta, eta ez da erraza izango horiei guztiei tokia egitea, baina asmatuko dugu zerbait".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak