Azpikontratazioak eten edo moldatu egin behar izan ditu Bergarako Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko api. 23a, 16:45

TAO zerbitzua erabat eten behar izan du Udalak; irudian, San Martin plazako makina.

Alarma egoeraren prebentzio neurrien artean hainbat zerbitzu eta hornidura bertan behera geratu ostean, Udalak azpikontratatutakoak eten edo moldatu behar izan ditu; TAO, Seminarixoko zinema, kirol zerbitzua, gaztelekua eta ludotekak dira horren adibide.

Alarma egoerak administrazio publikoek kontratatutako hainbat zerbitzu eta hornidura bertan behera uztea ere ekarri zuen. Langileen soldatak bermatzeko asmoz, martxoaren 18an Espainiako Gobernuak ezagutzera emandako dekretu batek azaltzen du administrazio publikoek barne kalte-ordainak eman beharko dituztela etendako azpikontratatuetan, honako kontzeptu hauetan: langileen soldatak, aseguru-primen kudeaketa, bermea gordetzeagatik izaten diren gastuak, eta ekipo, tresneria eta bestelakoen alokairua. BEZa, gastu orokorrak eta onura industrialak dira kalte-ordainen konpentsazioa jasotzetik salbu geratzen direnak.

Udal Gobernuak arloz arlo aztertu du zein den Udalaren egoera: "Indarrean dauden kontratu guztiak aztertu eta udal teknikarien iritzi teknikoa jaso ostean, alkateak izenpetutako zirkular bat bidali zitzaien zerbitzua emateko zailtasunak zituzten adjudikazio-hartzaileei, euren eskaera aurkeztu eta kalte-ordainak jasotzeko prozesua errazteko".

"Konpromisoa" ERTEen aurrean

Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteen bueltan (ERTE), Estatuak ordainduko ez duen zatia ordainduko Udalak: "Espediente horrekin, langileari kotizazio-oinarriaren %70 ordaintzen dio Estatuak; Udaletik adjudikazio-hartzaileei jakinarazi zitzaien ERTEa tramitatuz gero, eta soldata %100ean bermatzeko, Udalak soldataren gainontzeko zatia ordaintzeko konpromisoa hartu duela".

Zerbitzu batzuetako adibideak

Udalak erabaki zuen zerbitzu batzuk osorik etetea, beste batzuk partzialki eta beste batzuk birmoldatzea. Erabat eten dira, adibidez, TAO zerbitzua eta Seminarixoko zinema emanaldiak. Partzialki eten diren zerbitzuen artean dago kirol zerbitzua, ikastaroak online ere eskaintzen dira eta. Eta moldatu behar izan diren zerbitzuen artean daude gaztelekua eta ludotekak, besteak beste; lehenean hezitzaile birtualaren figura indartu dute eta ludoteketan hezitzaileek sare sozialen bidez helarazten dizkiete jolasak umeei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak