Udaleko langileak ere, kaleak "sakon" garbitzen eta desinfektatzen

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko mar. 24a, 16:27

Udal langile bat zaborrontzi batzuk desinfektatzen, martitzen goizean.

Martxoaren 16tik Udal langileak koronabirusaren hedapena saihesteko garbiketa "sakona" eta desinfektatze-lana egiten dihardute, egunero, herriko kaleetan. Dozena bat langile ari dira lan horretan, kale garbitzaileez gain beste arlo batzuetako langileak ere batu direlako.

Udaleko beste departamenduetan bezala, joan den astetik osasun-segurtasunerako neurri berriak ezarri ziren, eta gomendio berrien arabera egokitzen doaz uneoro.

Garbiketa "sakona", egunero

Martxoaren 16an hasi ziren Udaleko langileak egunero errepide, espaloi eta hiri-altzariak garbitzen eta desinfektatzen. Horretara, ohiko kale garbitzaileez gain, brigadetako beste kide batzuk ere bideratu zituzten. Gainera, garbiketa-kamioiarekin errepideak eta espaloi bazterrak baldeatu eta eremu horietatik mangera pasatzen dute. Horrekin batera, udalerriko hiri-altzariak ere egunero garbitzen dihardute: barandak, edukiontziak, semaforoen sakagailu edo pultsadoreak, iturrietako pultsadoreak, aulkiak, auzoetako buzoiak, autobus markesinak, Boluko igogailuak kanpotik eta barrutik...

Eta aste honetan bertan, ura eta sodio hipokloritoa %0,1eko kontzentrazioarekin uretan disolbatuta, espaloiak eta zabalik dauden negozio eta zerbitzuen (farmazia, denda, anbulatorio, supermerkatu, edukiontzi, igogailu...) inguruak desinfektatzen hasi dira. Guztira 12-14 pertsona ari dira garbiketa eta desinfektatze lan horiek egiten, herritarren artean Covid-19 birusaren hedapena saihesteko asmotan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak