Mailari eusteko puntu garrantzitsuen beharra

Jone Olabarria 2020ko mar. 13a, 13:00

Aurreko jardunaldian berdinduta, bederatzigarren postuan dago une honetan lehen territorial mailako mutilen taldea. Mailari eusteko, geratzen diren lau jardunaldietan jokoan dauden zortzi puntuetatik sei eskuratzea "beharrezkoa" dela azpimarratu dute.

Urola taldea hartu zuten etxean joan den asteburuan Josetxo Muniategiren mutilek; eta 23-23 berdinduta, bederatzigarren lekuan da sailkapenean lehen territorialeko taldea. Une honetan, 14 puntu dituzte bergararrek, eta, haiek bezala, puntu kopuru berberarekin daude beste bi talde: Ordizia Siglo XX eta Donibane Eskubaloia.

Joan den asteburuko partiduari dagokionez, "gazi-gozoa" izan zela azaldu du Muniategik. Aurkari "gogorra" izan zela aitortu dute, eta talde "gaztea eta indartsua" zela azpimarratu: "Nahiko ondo hasi baginen ere, lehen zatiaren amaierara lau puntuko aldearekin iritsi ginen, 11-15. Nahiko ataskatuta ibili ginen lehen zatian eta atezaina ere ez zen oso fin ibili. Bigarren zatian gora egin genuen pixka bat hasieran, baina ezin izan genuen Urola garaitu. Atzetik joan ginen markagailuan, ez genuen lortzen aurretik jartzea, nahiz eta azken unean berdinketan amaitu. Defentsaren lana, dena den, ona izan zen eta atezainak bigarren zatian eta partidu amaieran lan polita egin zuen".

Taldearen egoera

Taldearen egoeraz galdetuta, "kontzentrazio falta" azpimarratu du Muniategik: "Taldea ondo eta gogoz dagoen arren, kon-tzentratzea falta zaie jokalariei. Gorabehera handiak izaten ditugu partiduan zehar, eta hori saihestu behar dugu. Zati ba-tzuetan indartsu ibiltzen gara, defentsaren lan ona izaten dugu, baina gero, behera egiten dugu. Kontzentratuta irteten garenean partiduak mendean hartu eta lan polita egiteko gai garela erakutsi dugu". Horren adibide orain dela bi aste Tolosan jokatutako partidua azpimarratu du Muniategik: "Lan egiteko gogoz irten ginen eta 29-37 irabazi genuen. Adibide bat besterik ez da, argi dago partiduak mendean hartzeko gai garela".

Partidu "erabakigarriak"

Hain zuzen ere, datozen astee-tarako aurreikusia dituzten partiduak "bereziki garrantzitsuak" direla aitortu du Muniategik. Dena ondo bidean, Pulpo-ren aurka, Laubide taldearen aurka, Ormaiztegi eta Aritzabalde Taberna Zarauzko taldearen aurka neurtu beharko dituzte indarrak. Partidu "gogorrak" izatea espero dutela aitortu du Muniategik.

Hala, jokatzeko dituen jardunaldi guztietan eskura ditzakeen zortzi puntuetatik gutxienez sei eskuratzea finkatu du "beharrezko" helburutzat Muniategik, bestela "arazoak" izan ditzaketela aitortu du eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak