Hainbat aldaketa auzo-taxiaren zerbitzuan

Jone Olabarria 2020ko mar. 11a, 16:32

Landa eremuetan bizi diren herritarren "bizitza kalitatea erraztea" helburu, zerbitzua zabaldu eta hainbat aldaketa egin dituzte; auzoen arteko joan-etorriak ere zerbitzuaren barruan sartuko dira, larunbat goizetan ere egongo da eta 12 eta 18 urte bitartekoek txartela lortu ahal izango dute.

Udalak auzoetako joan-etorriak egiteko auzo taxi zerbitzua martxan jarri zuen 2018an, "Bergarako auzoetako herritar askoren eskaerari erantzuna emanez". Herri busa ez da auzo eta landagune askotara iristen; eta horregatik, udaletik diotenez, taxi zerbitzuarekin mugikortasuna osatu zen.

Helburua  landa eremuetan bizi diren "herritarren bizitza kalitatea" erraztea da, auzo taxiaren oinarriak eta zerbitzua gehiago zabalduz. Hala, auzoen arteko joan-etorriak ere zerbitzuaren barruan sartuko dira hemendik aurrera. Orain arte auzoetatik erdigunerako bidaiak zeuden barne. Larunbat goizetara ere hedako da zerbitzua eta 12 eta 18 urte bitartean dauden pertsonek, guraso edo tutoreen baimena izanda, auzo taxi zerbitzua erabiltzeko txartela lortu ahal izango dute.

Zerbitzuak Angiozar, Goiauzoa, Basalgo, Osintxu, Buruñao, San Juan, Elorregi, Sanantonabat, Elosua eta Aldaiegia auzoei eragingo die.

Txartel eskaera, udaletxean

Zerbitzua erabilgarri egongo da astelehenetik ostiralera 07:30etik 20:30era, eta larunbatetan 09:00etatik 20:30era. Aldiz, igande eta jaiegunetan zein abuztuan egindako bidaiak ez dira diruz lagunduko. Udalaren dirulaguntza 11 eurokoa izango da bidaiako; eta larunbat goizetan egiten bada 13 eurokoa izango da dirulaguntza. Hortaz, erabiltzaileak 3 euro ordaindu beharko dizkio taxi gidariari.

Erabiltzaileak Udaletxean egin beharko du txartelaren eskaera. Eta behin txartela eskuratuta auzo taxi zerbitzua behar duen bakoitzean hiru ordu lehenago deitu edo whatsappa bidali beharko du txartelan agertzen den zenbakira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak