Hainbat zuhaitz kimatu dituzte Bergaran, "segurtasunagatik"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko mar. 3a, 16:32

Hainbat zuhaitz kimatu zituzten Matxiategin. Argazkia: Bergarako Udala.

Udaleko langileek Bergarako Matxiategi pasealekuko 45 arbolatan kimaketak bukatu dituzte. "Segurtasunagatik" kimatu dituzte, zuhaitz batzuk ustelduta egotearen sintomak zituztelako. Udal Gobernuaren erabaki hori kritikatu zuen EAJk otsailaren 24ko osoko bilkuran, "gardentasun eza" leporatuta. Alkateak erantzun zuen esanez kimaketen "ohiko prozedura teknikoa" jarraitu zela.

2019ko neguan Matxiategiko zuhaitz bat erori ondoren, eta aurretiaz ere beste bat erori zenez, Udalak teknikari espezializatu bati eskatu zion bertako ezkien egoerari buruzko ebaluazioa egiteko, halako kasuetan erabili ohi den prozedura jarraituta. Erresistografoarekin neurtu ondoren egurrean akatsak eta ustelduren sintomak aurkitu ziren, hausteko edo erortzeko arriskua ote dagoen adierazle izan daitezkeenak.

Ebaluazio horrek ondorioztatu zuen zuhaitzen bizitasun-mailan ez dagoela arazo berezirik, baina arriskuak ekiditeko neurri zuzentzaile bezala txostenaren ondorioetan proposatzen zen ezkien udaburuak beheratzea, zuhaitzen altuera gutxitzeko eta, modu horretan, haustura eta erorketak ekiditeko. Hala, 45 zuhaitzetan egin da interbentzio hori.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak