"Jendarte sozialista" eraikitzeko asmoz, ehunka gazte batu dira egunotan Bergaran

Amaia Aranegi 2020ko mar. 1a, 09:37

Zapatuan, Zabalotegi frontoian bazkaltzen ( Irudia: GEDAR)

Gipuzkoako Topaketa Sozialistak gazte asko batu ditu egunotan Bergaran. Egubakoitz eta zapatuan ekintza ugari egon dira eta antolatzaileak "azpiegitura eta jende aldetik pozik" azaldu dira.

GKS Gazte Koordinadora Sozialistak lehendabiziko aldiz antolatu ditu topaketak Gipuzkoan. Bergara izan da aukeratutako herria izan ere, azpiegitura aldetik "oso ondo" dagoela adierazi du GKS-ko kide den Miren Txurrukak.

GKS orain dela urtebete sortu zen eta "taldean eta inguruan ematen ziren eztabaida politiko eta hausnarketak plazaratzeko eta horretaz gain sozializazio bat emateko edo borroka komunitate bat eratzeko" beharra ikusita antolatu dituzte topaketak. Bi egunetan mahai inguru eta hitzaldiak egon dira eta gai desberdinak jorratu dituzte: proletarizazioa eta antolakuntza forma berriak, etorkizunari heltzeko moduak, ekoizpen artistiko sozialistak, langile kontrolpeko espazioak eta kultura militantearen hausnarketa. "Hauen bidez, beste espazio batzuetan lantzen ez diren gaien inguruan hausnartu nahi izan dugu, bai toki formaletan zein informaletan" adierazi du Miren Txurrukak.

Komunitatea sendotzea helburu

Topaketen helburua gaur egungo testuinguru politikoa aztertu eta etorkizuneko erronkak finkatzea izan bada ere, komunitatea sendotu eta "jendarte sozialista" eraiki nahi izan dute: "Egun hauetako helburua ez da bakarrik hitzaldietara joatea. Bilatzen dena da momentu oro batera egotea beste eskualdetatik gehiago ikasteko eta  hausnarketa hoiek era informalean ere emateko". Horretarako, kontzertuak egon dira Kartzela Zaharrean eta kanpotik etorritako gazteak Aranzadi ikastolako gimnasioan izan dute lo egiteko tokia.

"Gazte langileok Euskal Estatu Sozialista"

Aldarrikapenek ere izan dute espazioa Bergarako topaketetan. Izan ere, atzo 19:30ean San Martin plazatik Gazte langileok Euskal Estatu Sozialista lelopean, manifestazioa abiatu zen Bergarako kaleetan barrena eta ehunka gaztek langileen borroka aldarrikatu zuten. Manifestazioa Kartzela Zaharrean bukatu zen eta bertan amaiera ekitaldia egin zuten.

Bi egun hauetan Debagoieneko eta beste eskualdeko gazteak bildu dira Bergaran eta antolatzaileak bukaerako balorazioaren faltan "pozik eta gustura" azaldu dira topaketak izan duen harrerarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak