Zalantzazko penalti batek erabaki du partidua

Eneko Azurmendi Barrena 2020ko ots. 22a, 19:22

Bergarak aukera ona zuen gaur etxean Ordizia aurkari zuzenari irabazi eta arnas apur bat hartzeko. Partidu lehiatua izan da, eta bi taldeek eduki dute markagailuan aurretik jartzeko aukera, eta azkenean Bergarako zale guztien ahotan egon den penalti batek hiru puntu eman dizkie kanpokoei (0-1).

Lehia estua izan da Bergarak eta Ordiziak Agorrosinen jokaturikoa. Hiru puntu garrantzitsu zeuden jokoan, eta hori hasiera-hasieratik nabaritu da, intentsitate handiz aritu dira-eta bi taldeak. Lehenengo zatian joko nahasia nagusitu da, eta ez da aukera garbirik egon, ez alde batera eta ez bestera. Hutsean joan dira bi taldeak atsedenaldira.

Bigarren zatiko lehen minutuak ikusgarriak izan dira, kontraerasoz eta joan-etorriz josita egon baitira, bi taldeendako aukera politekin. Hala ere, ez dituzte abagune horiek aprobetxatu. Bestalde, aireko baloi baten lehian, sudurrean min hartu du Paul Valgañonek, aurkariaren golpe baten ondorioz. Apur bat mareatu ere egin da eta aldaketa egin behar izan du etxeko taldeak.

Bigarren zatiaren erdi inguruan iritsi da jokaldi polemikoa. Goitik zetorren baloi baten lehian, area barruan, Bergarako jokalariak Ordiziakoari bultza egin diola interpretatu du epaileak, eta penalti adierazi. Zalantza asko eragin dituen jokaldia izan da, baina, kontuak kontu, partidua erabaki duen gola hamaika metroetatik iritsi da.

Etxeko taldeari min asko egin dio gol horrek eta partidua nahasi egin da. Azken minutuetan, Luken Arriola egotzi du epaileak, eta bergararrek jokalari bat gutxiagorekin bukatu dute partidua.

UDAk irabazi eta Mondrak berdindu

Kategoria berean, aretxabaletarrek garaipen garrantzitsua lortu dute goiko postuetan mantendu ahal izateko, Real Union 2-0 menderatuta. Mondrak, bestalde, puntu garrantzitsua eskuratu du etxetik kanpo, Mutrikuren kontra 2-2 berdindu ostean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak