Ezin gusturago jarraitu dituzte Aratuste kontzertuko kantuak, istorioak eta dantzak pilotalekuan elkartu diren bergararrek. Beldurrezko istorioa izan dute ardatz aurten, eta beti legez, musikarekin batera umorea osagai garrantzitsu izanda.
Eskoziako gaztelu sorginduaren giroan barneratzeko bandak eskaini ditu A little suite of horrour bandak, Highland rhapsody eta Thriller kantuak, eta orkestrak, besteak beste, Miserableak, Danza macabra eta Set fire to the rain, azken hau Adelerena, Maria Izaga handiaren ahotsean, ohiko gonbidatu izarra.
Aritzeta abesbatzaren laguntza ere izan dute, baita ohiko bihurtu diren bakarlari batzuena ere, Aitor Garitanok, esaterako, Aitormena eta Singing in the rain abestu ditu, eta Leire Ibarzabalek La vida es un Carnaval. Abesti hori eta beste hainbat jo dituzte elkarrekin bi taldeek, eta hain zuzen ere, Celia Cruzek hain ezagun egin duen horrekin Aratuste giroan murgildu dira ikusleak.
Kontzertua osorik, martitzenean
Goiena telebistak osorik eskainiko du Bergaran jasotako kontzertua otsailaren 25ean, martitzena, 23:00etan; ondoren, errepikapenak izango dira zapatuan, 23:00etan, eta domekan 12:00etan.