Sarrerak agortuta eta ohi duen modura, udal pilotalekua beteko du egubakoitzean Aratusteetako kontzertuak, 22:30ean hasita. Aurtengoan Eskoziako beldurrezko gaztelu batean bergarar familia baten abenturak izango dira ikuskizuneko ardatz. Bergarako Musika Bandatik adierazi dutenez, "azken urteetako formatu antzerakoa izango du. Lehenengo, kontzertu erako zatitxo bat, bandak eskainia, eta bigarren zatian abestitik abestira joateko, antzerki baten haria edukiko dugu". Hain zuzen, kontzertuaren bigarren zati horretan Musika Bandaz gain, Bergarako Orkestra Sinfonikoa, Aritzeta Abesbatza, Debako Kulunka Dantza Taldea, eta beste hainbat lagunek hartuko dute parte.
Egitarau oparoa
Lehen zatiko piezei dagokienez; Bailables de Carnaval, orain dela 100 urte baino gehiago, Gonzaleztarrek, Tolosatik ekarritako Aratuste doinuak izango dira entzungai, baita Highligths from Hook, Spielberg-en Hook filmerako John Williams maisuak konposaturiko musikaren hautaketa bat eta Soul Bossanova, Quincy Jones konposatzaile amerikarrak sortutako pieza, doinu afroamerikarrak eta latindarrak nahasten dituena.
Bigarren zatiko piezen kasuan "sorpresa" izango dira: "Pieza batzuek beldurrezko gaiarekin zerikusia izango dute, beste batzuk aldiz, aratusteekin gehiago...".
Hausnarketarako kontzertua
Azken urteetako lantaldeak "merezitako" erretiroa hartu duela eta, (Alfredo Glz. Chirlaque, Javi Burgos, Manu Díaz, etab.) aurten lantaldera jende berria gehitzen dabiltzala azaldu dute; eszena zuzendaritzan Pedro Mujikaren laguntza izan dute, eta argumentua eta gidoia ere elkarlanean egin dutela azaldu dute. Hurrengo urteetara begira, formatu berdina mantenduko duten edo ez erabakitzeko baliatuko dute aurtengo aratusteetako kontzertua.