227 igerilari batuko dira asteburuan Agorrosinen, Gipuzkoako Txapelketan

Jone Olabarria 2020ko ots. 7a, 11:23

Gipuzkoako txapelketa jokatuko da Agorrosingo igerilekuan eta, besteak beste, sei bergarar izango dira lehian, infantil, junior eta absolutu mailetan. Horrekin lotuta, txapelketa dela-eta igerilekua itxita egongo da asteburu osoan.

Orain arte hainbat txapelketa eta probatan lehiatu diren arren, asteburu honetan Bergaran jokatuko den Gipuzkoako txapelketa da denboraldiko lehen proba "garrantzitsua", Bergarako igeri elkarteko Xabi Labaka entrenatzaileak azaldu duenez: "Orain arte, igerilariak trebatzen ibili dira, sentsazioak hartzen eta esperientzia irabazten. Orain, baina, egindako lana erakusteko unea da, eta nork bere denbora eta markak gainditzekoa".

Hala, Gipuzkoa osotik etorritako 227 igerilari lehiatuko dira zapatuan eta domekan Bergaran. Neguko Gipuzkoako txapelketa jokatuko dute, infantil, junior eta nagusi mailetan; Bergarako igeri elkarteko sei lagun ere izango dira.

Denboraldiarekin "gustura"

Hain zuzen, 2019-2020 denbo-raldian 7 eta 28 urte bitarteko Bergara, Antzuola eta Elgetako 80 igerilari ari dira Agorrosinen entrenatzen. Orain arte egindako lanaz galdetuta, "gustura" agertu da Xabi Labaka: "Ondo gabiltza lanean eta gaur arte lortutako emaitzekin pozik gaude".

Oñatiarrak, "aberasgarri"

Abuztuaren 1ean hasi zituzten Zubikoa handitzeko eta berritzeko lanak. Kanpoaldeko lanekin aritu dira urtarrilera arte eta igerileku barrukoekin ordu-tik aurrera. Igerileku berriak egin arte ez da eremu bustirik egongo kiroldegian eta horrek eragin zuzena izan du Aloña Mendiko igeriketa sailean, baita Bergara igeri elkartean; izan ere, batera entrenatzen dabiltza. Hain zuzen, igerileku berriak eraikitzeko lanek iraun bitartean, Agorrosinen entrenatzen dihardute 84 igerilari oñatiarrek.

Egoera berriaz galdetuta, hasiera batean zalantzak sortu ahal baziren ere egun "oso ondo" moldatzen direla aitortu du Labakak: "Une honetan, denok batera entrenatzen gara Agorrosinen, kale berberak ere erabiltzen ditugu. Mailaka antolatzen gara eta igerilariak batera aritzen dira".

Oñatiar asko goizez entrenatzen ziren, baina Bergaran arratsalde edo iluntzeetan dira prestaketa saioak, eta ordutegi horietara moldatu behar izan dute Aloña Mendikoek. Hilabete hauetako elkarlana "oso aberasgarria" ari da izaten, Labakaren esanetan: "Egia esanda, ondo etorri zaigu beste igerilari batzuek nola entrenatzen duten ikustea, esperientzia aberasgarria izaten ari da oso. Besteengandik ikasi eta taldeen arteko elkarlana dira nagusi".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak