Urteko lehen proba puntuagarria jokatu zuten bailarako gimnastek, atzo, Bergaran. Goizez A mailako lehen fasea jokatu zuten, eta arratsaldean, aldiz, Gipuzkoako Amateur lehen faseko lehiaketa. Bailarako ordezkariei dagokionez Arrasate Dragoi taldekoak, eta Bergarako Ariznoa taldeko gimnastak aritu ziren lehian.
Bergararrek etxeko zaleen babesa izan zuten alde, eta igarri zuten hori gimnastek. "Maila ona" erakutsi zuten, eta lortutako emaitzek hori baieztatzen dute:
- Senior mailan hirugarren izan ziren taldeka
- Senior A mailako bakarkakoan June Legorburu hirugarren izan zen
- Kadete B mailako bakarkakoan Naia Aranguren bosgarren geratu zen; lehen aldia zen beretzat bakarkako modalitatean. .
Arrasateko Dragoi taldekoek ere emaitza azpimarragarriak izan zituzten:
- Seniorreko A mailako bakarkakoan Nekane Magaña laugarren izan zen.
- Seniorreko B mailako bakarkakoan Maitane Ugarte laugarren izan zen.
Atzoko jardunaldia nola joan zen galdetuta, pozik azaldu da Ariznoa taldeko komunikazio arduradun Bakarne Gastañares. "Nahiko ondo joan da dena. Emaitza politak lortu ditugu, bai taldeka, eta bai bakarka, eta gimnastek maila ona eman dute. Naia Arangurenek, adibidez, lehen aldia zuen bakarkakoan, eta bosgarren izatea lortu; ez dago batere gaizki. Atzokoan gainera, aspaldiko partez, jende dezente hurbildu zen Labegaraietara. Horietako batzuk laguntzeko gogoz etorri ziren, eta asko eskertu genuen laguntza, batez ere, materiala batzeko eta jasotzeko orduan. Normalean 20:30ean amaitzen dugu zeregin hori, eta atzo, jendearen laguntzarekin 20:00etarako jada amaituta genuen".