Maratoi erdia aitzakia, Marrakex ezagutu dute zazpi bergararrek

Maialen Santos 2020ko urt. 31a, 13:20
Maratoi erdian korrika egin ostean, domina jantzita.

Joan den domekan Marrakexen (Maroko) egin zuten nazioarteko maratoi erdian korrika egiten izan dira sei bergarar, eta laguntzaile lanetan beste bat. Proban parte hartzeaz gain, hiria eta inguruak ezagutzeko ere baliatu dute asteburuko bidaia

Joan den egubakoitzean, maletak eskuan hartu eta Marrakexera egin zuten hegan zazpi emakume bergararrek. Hiria ezagutzeko gogoz zeudela aitortu du horietako batek, Carmen Zafrak, eta, bide batez, urtero izaten den nazioarteko maratoian parte hartzeko aitzakiarekin joan dira hara. "Bizi garen inguruarekin alderatuta guztiz ezberdina da Marrakex, baina, era berean, hegazkina hartu eta bi orduan egon zaitezke bertan; beste kontinente batean", azaldu du. Hala, "hurbil" dagoen helmuga izanik, asteburu-pasa joateko aukera izan dute. "Lan arrazoiengatik ezin izaten dugu bidaia luzerik egin; Marrakexek egubakoitzetik astelehenera bidaiatzeko aukera eman digu", zehaztu du Zafrak.

Ourika haranera bisitan, bertako tea dastatzen.

21 kilometroko maratoi erdia

Berak azaldu moduan, "helburu birekin" egiten dituzte bidaiak –iaz, Sevillako maratoian izan ziren–: lekuak ezagutzeko eta, bide batez, kirola egiteko. Hala, zapatua eta astelehena baliatu zituzten lekuak bisitatzeko, eta, tartean, domekan hartu zuten parte Marrakexko maratoian. Zehazki, maratoi erdia egin zuten bergararrek –21 kilometroko ibilbidea–. Taldeko zazpigarren kideak animatzen eta laguntzen jardun zuen proba amaitu artean.

Laguntasuna nagusi

6.241 gizonezkok eta 670 emakumezkok hartu zuten parte maratoi erdian, eta, Zafraren aburuz, generoari dagokionez "sekulako aldea" da hori. Hasierako uneak zailenak izan zirela aitortu du korrikalariak: "Jendetza horrekin guztiarekin kosta egiten zitzaigun aurrera egitea". Behin hasierako kilometroak eginda parte-hartzaileak sakabanatuago zeuden heinean, "errazagoa" izan zen erritmoari eustea, eta proba "arrakastaz" amaitzea lortu zuten. Hain zuzen, horixe zen bergararren helburua: marka ona egin baino gehiago, proba ondo amaitzea. Edozelan ere, egindako denborarekin "pozik" azaldu dira guztiak: "Adinaren arabera egin zuten sailkapena, eta gutako bat 21. postuan sailkatu zen bere kategorian. Izugarrizko marka da hori", gaineratu du.

Proban bizi izandakoaz galdetuta, "laguntasuna" nabarmendu gura izan du: "Gutako batek arnasteko arazoak izan zituen une batez, eta korrikalari ezezagun bat hurbildu zitzaion laguntza eskaintzera". Ikusleen artean ere "ezin hobea" zen giroa.

Behin Marrakextik itzulita, datozen hilabetetarako helmuga berrien bila hasiak dira dagoeneko: Budapest, Erroma eta Porto dituzte aukera posibleen artean. Argi dutena zera da: hegazkinez zein korrika, ahal beste kilometro egiten jarraituko dutela elkarrekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak