Muga gabeko punk-oi! doinu gazteen eztanda

Jone Olabarria 2020ko urt. 24a, 15:30
Kartzela zaharrean egindako debut kontzertuaren irudiak.

Duela urtebete pasa ekin zion bideari bergarako No Limits talde gazteak. Bost lagunez osatuta, Kartzela zaharrean egin zuten debut-kontzertua iazko martxoan eta ordutik hona kontzertu ugari eskaini dituzte; otsailean, hiru kantu grabatuko dituzte.

"Ikasteko asko eta esperientzia berriak bizitzeko gogoz beteriko" Bergarako talde gaztea da No Limits. Hala deskribatzen dute euren burua Oier Jauregik, Jon Maiztegik, Erik Herranek, Ibon Muniategiandikoetxeak eta Gorka Azkargortak, No Limits taldeko kideek. Bost lagunek osatzen dute eta punk-oi! doinuak jorratzen dituzte, musika estilo honek Debagoienean izan duen emaria agortu gabe dagoela erakutsita.

Orain dela urtebete pasa ekin zioten musika proiektu honi, 2018ko abenduan: "Lagunak aspalditik egon gara talde bat sortu nahian, baina ez genuen horretarako esfortzurik egiten. Azkenean, bi-hiru lagun elkartu eta horretaz serio berbetan hasi ginen". Ordutik hona, instrumentuak erosi ostean, "hutsetik" hasi ziren gazteak, material "eskasarekin" eta taldekide baten baserrian "zarata ateratzen".

Lehen kontzertua, "ahaztezina"

Kartzela zaharrean egin zuten, 2019ko martxoaren 30ean, lehen kontzertua. Jende ugari gerturatu zen euren lehen zuzenekoa ikustera, egun hartan Bergaran egin zuten Ikasle Egunaren baitan. Orduko oroitzapenez galdetuta, "jasotako berotasuna" azpimarratu dute gazteek: "Esperientzia ahaztezina izan zen. Batez ere, bertan zeudenen berotasunagatik eta jendearen ilusioagatik. Agertoki gainean asko disfrutatu genuen; ahaztuko ez dugun kontzertua".

Lehen aldiz taula gainera igo ziren egun hartatik, hainbat kontzertu eta esperientzia bizi izan dituzte bergararrek; Antzuola, Oñati, Arrasate, Soraluze, Oibar (Nafarroa), Aretxabaleta, Angiozar... Izandako leku guztietan "oso ondo" hartu dituzte, eta, aitortu dutenez, ez zuten halako harrerarik espero: "Jendea gozatzen ari zela ikusten genuen kontzertuetan, eta hori izugarria da guretzat".

Lanean jarraitzeko asmoz, astero batzen saiatzen dira, behin, gutxienez, eta goiko estazioko lokalean entseatzen dute; Jauregi eta Maiztegi gitarrarekin aritzen dira, Erik Herranek baxua jotzen du, Ibon Muniategiandikoetxeak bateria eta Gorka Azkargorta abeslari aritzen da. Urtebete pasa honetan "esperientzia hartuz" joan dira: "Hutsetik hasi eta zerbait ikasteko prest gaude beti. Gogorik ez zaigu falta; beraz, poliki-poliki gorako bidean jarraitu nahi dugu".

Hasiera-hasieratik jarraitzaile fidelak izan ditu taldeak, iaz martxoan kartzela zaharra bete zuten haietatik, egun kontzertu ezberdinetara jarraitzen dituztenetaraino. Taldeko kideen esanetan, "bereziki" baloratzen duten zerbait da: "Asko eskertzen dugu kontzertuetara etortzen direnen berotasun eta sostengua, lagunak, familia... Kontzertuz kontzertu hor egoteak balio handia du eta horrela segitzea espero dugu".

Otsailean, hiru lan berri

Iaz martxoan grabatu zuten Zarata ataratzen lehen lanaren ostean, otsail hasieran hiru kantu grabatu behar dituzte No Limits taldekoek, orain arte egindako lanak partekatzeko asmotan. Hiru abesti izango dira eta bakoitzak "bere gai propioa" izango duela aurreratu dute: "Gure egunerokotasuna eta pentsaera irudikatzen dituzte".

Proiektu berriekin esku artean, eta orain arteko erritmo berean, kontzertua eskainiko dute otsailaren 1ean, zapatuan, kartzela zaharrean. Bidea egiten segi nahi dute, eta argi dute zein den euren izaera: "Gogo handiz betetako Bergarako talde gazte bat gara eta aurretik datorkiguna ilusio handiz itxaroten gaude".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak