Oxan Altunak irabazi du Gabonetako Kartzela Zaharreko xake txapelketa

Maialen Santos 2020ko urt. 5a, 12:54

Zapatu arratsaldean jokatu zuten xake txapelketa Kartzela Zaharrean bildutako hamasei jokalari bergararrek. Oxan Altunak jantzi zuen txapela, eta Iraitz Arizabaleta 'Xarpas' eta Asier Muñoz sailkatu ziren bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren.

Urtero legez, aurten ere jokatu dute Bergaran Gabonetako xake txapelketa. Atletiko Zaleak taldeak antolatuta, guztira hamasei jokalari –guztiak bergararrak– elkartu ziren nor baino nor gehiago xakean aritzeko. Hala, bost minutuko sei edo zazpi partidu jokatu zituzten guztiek, Jon Leibar antolatzailearen esanetan "lagunartean" jokatzea baita txapelketako helburuetako bat: "Kanporaketarik egiten ez dugunez, guztiok partidu kopuru berdina jokatzeko aukera izaten dugu, inor kanpoan utzi gabe". Gaineratu duenez, batzuk trebeak dira xakean jokatzen, beste batzuk, aldiz, afizionatu hutsak dira, eta beraz, "giro polita" sortzen da elkarrekin jokatzean.

Azaldu duenez, sistema informatiko baten bitartez egiten dituzte bikoteak –norberak galtzen edo irabazten dituen partiduen arabera–, eta beraz, amaieran puntuazio altuena duenak irabazten du txapelketa. Finalik ez dute jokatzen.

Txapela, etxean

Iazko txapela azpeitiar batek jantzi zuen, beste herri batzuetako jokalariak ere gonbidatu zituztelako txapelketan parte hartzera. Aurten, ostera, jokalari guztiak izan dira herrikoak, eta beraz, txapela ere "etxean" geratu da. Hain zuzen, Oxan Altuna izan baita txapelketako garailea.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak