Borobia, 'Ihesaldia' telesailean protagonista

Naroa Urien Berrio 2019ko abe. 25a, 15:06

'Ihesaldia' telesailaren fotograma bat: Borobia, ura edaten.

Ihesaldia telesailak 1976an Basauriko kartzelan gertatutako ihesaldiarekin lotutako istorioa kontatzen du eta protagonistetako bat Aitor Borobia bergararra da. ETB1ek joan den astean eman zuen bost kapitulu izan dituen minitelesaila.

1976 urtean, Basauriko kartzelako preso batzuek bertatik ihes eginda baleude bezala egin zuten. Inor ez zen ohartu ziega barruan zeudela, ihes egiteko tunela zulatzen. Hain zuzen ere, horixe da ETBk aste honetan zehar ematen ari den  Ihesaldia telesailaren abiapuntua. 

Jabi Elortegik zuzendu eta Pausokak eta ETBk elkarrekin ekoitzitako fikzioaren protagonistetako bat Aitor Borobia bergararra da. Julian Izagirre presoaren rola jokatzen du Borobiak, Basauriko ihesaldian parte hartu zuen preso arruntetako bat. Telesailean Mikel Laskurain bergararrak ere parte hartzen du, Peio presoaren aitaren rola jokatuz.

Errealitatea fikzioaren gainetik

Egiazko historia bat oinarri hartuta, gertakizunaren inguruan sortzen den tentsioa erakusten du telesailak: neguko hotzak harrapatuta, janari eta botikarik gabe ezkutatuta dauden presoen egoera kaxkarra; ihesaldian sartuta dauden ETAko kideak kontrolatu nahi dituen ETAren zuzendaritzaren presioak; ustez ihes eginda dauden presoen familien jakin-mina, eta kartzelako zuzendariaren azpijokoa ihesaldiak bere lan-ibilbideari kalterik egin ez diezaion. "Istorio errealak fikzioa gainditzen du. Esaterako, Diego 25 urte egon da kartzelan eta 5 ihesaldi egin zituen, 25 saiakeren artean. Estatu mailan kartzelatik gehien ihes egin duen pertsona da. Hortik dator Fugas ezizena" dio Aitor Borobia aktore bergararrak.

Kalitatezko estetika

Plataforma digitalak heldu direnetik, kalitate handiko telesailak agertu dira. ETBk ekoiztutako lana ez da atzean geratu, eta kolore zein argiztapenaren lanketa handia egin dute. Ikusle askoren esanetan, euskal fikzioaren aurrerapauso handia izan da Ihesaldia "4k formatuan grabatu da eta lan oso gogorra izan da bai aktore zein ekipo teknikoarentzat. Baina egia da argiztapena zein musikaren lanketa Netflix-eko edozein telesailaren parekoa geratu dela" azaltzen du Borobiak. 

Harrera bikaina 

Lehenengo egunean, %2,4ko sharea-a izan zuen telesailak. Azken zenbakiak hurrengo astean zehar argitaratuko dira, baina Borobia baikor azaldu da. "Lan bikaina egin dugula uste dut eta jendearen erantzuna oso ona izaten ari da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak