Musika eskolatik azaldu dutenez, 300 lagun inguru arituko dira bihar Bergarako Gabonetako kontzertuan, 20:30ean hasita. Bergarako Musika Bandak, Aritzeta Abesbatzak, Bergarako Orkestra Sinfonikoak eta Bergarako Orfeoiak eskainiko dute emanaldia.
Talde bakoitzak hainbat pieza interpretatuko ditu: Bandak Philip Sparkeren Concert prelude eta Orient express joko ditu; Aritzeta Abesbatzak Baldorba, Mary Had a Baby, Even When He Is Silent eta Aritz Adarrean - Oi Bethleem! abestiak kantatuko ditu; Orkestra Sinfonikoak Shostakovitx-en Finale joko du; eta Orfeoiak ere hainbat pieza interpretatuko ditu: Somewhere in my memory, Let the river run, Sogno di Volare etaDancing Queen. Kontzertu amaieran, denek batera, eta Enrike Txurrukaren gidaritzapean, Alatriste filmaren soinu bandako Ave Maria joko dute.
Sarreraren prezioa zortzi euro da eta aldez aurretik sarrera guztiak salduz gero, kontzertuaren egunean ez da leihatilarik irekiko. Bestela, kontzertu egunean 19:30ean irekiko da pilotalekuko leihatila eta kontzertua hasi baino hamar minutu lehenago itxiko dira ateak. 20:20tik aurrera ezingo da frontoian sartu.
Ikasleen txanda
Gaur bertan, abenduak 20, Bergarako Musika Eskolako ikasleek aspalditik klasikoa den kontzertua egingo dute frontoian. Orkestra Sinfonikoa, Gazte Banda, Haurren eta Hasiberrien Abesbatza, Txistulari taldea, Trikitilari Taldea, Dantza Taldea eta Suzuki Taldea arituko dira.
Talde bakoitzak interpretatuko dituen piezez gain, emanaldiaren bukaeran talde guztiak batera arituko dira agertokian, eta aurten, Lau Teilatu ekimenarekin bat eginda abestia interpretatuko dute txikienek. Emanaldiak ordu eta laurden inguru iraungo du.