Kaleko pilota txapelketa finalaren atarian dago

Xabier Urtzelai 2019ko abe. 19a, 18:26
Ezkerretik hasita, Dani, Jurju, Idiakez eta Edorta. Argazkia: Bergarako Kaleko Pilota Txapelketa.

Hogeita hamahiru bikotek eman dute izena herriko pilotazaleen artean antolatu duten txapelketan; domekan jokatuko dituzte finalerdiak, Boluko pilotalekuan (18:00). Finala abenduaren 28an jokatuko dute, eta egun osoko egitaraua antolatu.

Bergarako Kaleko Pilota Txapelketa ez da berria, lehenago ere egin izan dituzte pare bat edizio, eta arrakastatsuak izan dira. Baina etenaldi baten ondoren ostera ere ekin diote txapelketa antolatzeari: "Arrano tabernatik hasi zen txapelketa hau antolatzen. Lehenengo edizioan esango nuke 40 bikotek hartu zutela esku, oso harrera ona izan zuen. Ondoren, bigarren edizio bat ere egon zen, eta gero, etenaldi txikia egon da. Hala, Bergara Pilota Elkartetik txapelketa errekuperatzeko proposamena etorri zen, kirol federatutik harago herri mailan ere pilota sustatu gura zutela esanez, eta sei pilotazale batu gara ekimen honen bueltan", adierazi du antolaketa lanean dabilen Ibon Leibarrek.

Udalaren babesarekin

Aurreko txapelketekin alderatuta, baina, oraingoan pilotariak kondizio hobean dabiltza pilotan: "Udalaren babesa izan dugu, eta hori igarri egiten da. Aurreko edizioetan, besteak beste, frontoietan ez dugu argirik izan, ahal genuen moduan jokatzen genituen partiduak, eta orain baldintza hobeak ditugu. Boluan, Osintxun, Udal Pilotalekuan... gauez ere partiduak joka genitzake". Hala, partiduak antolatzeko bikoteei erabateko askatasuna eman diete: "Pilotari gazteenak 18 urte izango ditu, eta 45 urteren bueltan dabiltzan pilotariak ere txapelketan daude.

Horrek esan gura du partiduen ordutegiak zehaztea ez dela erraza, gehienak lanean dabiltzalako, errelebo ezberdinetan. Hala, hogeita hamahiru bikote horiekin zortzi multzo osatu genituen, eta multzo bakoitzean Whatsapp taldeak sortu genituen, bikoteen artean partiduen egunak eta orduak errazago adosteko. Eta Etxagi eta Arrano tabernetan partiduetako emaitzak argitaratu izan ditugu, saltsa apur bat egon dadin".

Domekan, finalerdiak

Hala, txapelketa finalaren atarian dago, oraingo domekan (18:00) jokatuko dituzte-eta, Boluan, finalerdiak. Paulek eta Pellok Jurju-ren eta Daniren kontra neurtuko dituzte indarrak, eta bigarren partiduan, Urrutiak eta Arrillagak Redondo eta Malax izango dituzte aurrean: "Bi estelar handi dira, zalantza barik! Ea jendea gerturatzen den partiduok ikustera, eta giro apur bat jartzen dugun", dio Leibarrek. Egun osoko ospakizuna 28an Txapelketako antolatzaileen helburua da abenduaren 28an jokatuko duten finalaren bueltan ospakizun eguna antolatzea: "Egun osoko egitaraua antolatuko dugu. Zehaztuta ez badago ere, finala, seguruenik, 19:00etan izango da, baina partidu horrekin batera erakustaldiko beste norgehiagoka bat ere antolatu gura dugu. Lehenago, animatzen direnekin bazkaria egingo dugu Artatse elkartean –izena eman behar da–, poteo musikatua egongo da, Mendizabalen eta Rezustaren elastikoak ditugu zozketatzeko... Eta ondoren, ospakizunarekin jarraituko dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak