Kopla Barik bertso eskolak antolatuta, Bergarako taldekako bertso txapelketaren bigarren finalerdia jokatu zuten pasa den egubakoitzean, abenduaren 13an, Pol-Pol tabernan. Bertan lehiatu ziren, Laboratorium taldea (Madaro, Gari eta Mikel) eta Puntu-Puntuan (Maite, Oxan eta Artola), eta hain zuzen, azken honek lortu zuen abenduaren 27an Kartzela Zaharrean egingo duten finalean Uharteko Izkirak (Patxi,Redondo eta Enaitz) taldearekin txapelaren bila aritzeko pasea.
Aurrekoan bezala, Ibon Leibar Txinbo aritu zen gai jartzaile lanetan. Publikoa "pozik" eta taberna "bete-beteta" zela aritu ziren bertsolariak taula gainean, "mozorro eta guzti". Bertsoez haratago, bertaratu zirenek parte hartzeko aukera izan zuten eta epaile moduan ere aritu ziren.