Bergara Hiria II. eskubaloi txapelketa domekan iritsiko da Labegaraietara

Jone Olabarria 2019ko abe. 5a, 10:12

Bergara Hiria emakumezko kadeteen eskubaloi txapelketa jokatuko da domekan Labegaraietan, 10:00etan hasita. Hiruko txapelketa modura antolatu dute, eta bertan lehiatuko dira Debagoieneko selekzioa, Gipuzkoakoa eta baita Errioxako selekzioa ere.

Bigarrenez antolatu dute eskubaloiko Bergara Hiria txapelketa. Iaz Bergarak hiri-gutuna jaso zuela 750 urte bete zirela gogora ekartzeko egindako ekitaldien barruan antolatu zuten lehenengoz emakumezko hiruko eskubaloi txapelketa eta aurten, hain zuzen, jarraipena eman nahi izan diote.

Domekan jokatuko da, Labegaraieta kiroldegian, 10:00etan hasita. Hiruko txapelketa moduan antolatu dute, kadete mailako nesken artean: Gipuzkoako selekzioa, Debagoieneko selekzioa eta Errioxako taldea izango dira Bergara Hiria irabazteko lehiatuko direnak.

Eskubaloiaren "jaia"

Iaz antolatu zuten lehenengoz emakumezkoen hiruko Bergara Hiria txapelketa, eta, Bergara eskubaloiko entrenatzaile Josetxo Muniategik azaldu duenez, harrera "polita" izan zuen: "Jende ugari gerturatu zen Labegaraietara. Bai jokalariak, bai ikusleak oso gustura egon zirela esan ziguten eta aurten ere giro hori errepikatzea da asmoa. Eskubaloiaren jaia izatea espero dugu".

Kadeteekin lanean

Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak, Bergarako Udalak eta Debagoieneko taldeek elkarlanean antolatzen dute txapelketa: "Kadete mailako kategoria da kritikoena, 16-17 urte dituzten nesken artean izaten dira eta baja gehien. Orduan uzten dute jokalari gehienek eskubaloia". Hain justu, Debagoienean lau talde daude maila honetan; Arrasatek eta Bergarak talde bana dute eta Aloñak bi talde ditu. Azaroan entrenatzen izan dira hemezortzi neska eta txapelketarako azken entrenamendua egubakoitzean edukiko dute. Hautatzaile lanetan hiru entrenatzaile ibili dira: Arrasateko Josu Urrutia, Bergarako Ruiz de la Cuesta eta Oñatiko Jesus Cantero.

Bergaran hiru talde aurten

Azken unera arte nagusien taldeak jarrai zezan lanean aritu diren arren, ez da posible izan, eta 2019-2020 denboraldian emakumezko hiru talderekin ari dira lanean Bergara eskubaloian: infantil mailako bi talde eta kadete mailakoa. "Taldeko kide asko unibertsitatean hasi dira eta kanpoan bizi dira astean zehar; hortaz, zaila da taldea mantentzea". Edozelan ere, gogorarazi dute duela bost urte ez zutela neskarik; talde bat hasi zen eta haiei jarraika etorri ziren besteak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak