Txapa irratiak 35. urteurrenean murgilduta jarraitzen du

Jone Olabarria 2019ko aza. 25a, 10:56

Arrosa Sareko irratiek ekoizten duten Zebrabidea magazinea kartzela zaharrean, egubakoitzean.

Txapa Irratia 35 urte uhinak astintzen! ekimenaren baitan, 35 urte hauetan irratian ibilitako lagunek bazkaria egin zuten zapatuan. "Giro ederrean" 30 lagun inguru batu ziren, irrati kide, irrati kide ohiak, ...Egubakoitzean ere, Arrosa sareko Zebrabidea irrati magazinea Kartzela zaharretik egin zuten.

Txapa irratia irrati libreak 35 urte bete ditu aurten "uhinak astintzen" eta urteurren ospakizunetan murgilduta dabiltza Txapakideak. Egubakoitzean, azaroaren 22an, Arrosa Irrati Sareko irratiek elkarlanean ekoizten duten Zebrabidea magazinea kartzela zaharrean egin zuten. Bada, 16:00etan hasita, bi orduz, saioa zuzenean emititu zuten Kartzela zaharretik. Irratsaioa zuzenean jarraitzeko aukera izan zen eta hainbat herritar gerturatu ziren: "Bergarako Txapa irratian jarri zuen fokua magazineak, bere historia landu zen eta 35 urte hauetan zehar izandako bilakaeraren errepaso txiki bat ere egin genuen".

Kartzela zaharreko hainbat eragilek ere irrati saioan parte hartu zuten "eragile ezberdinen artean dagoen elkarlana islatzeko asmoz" eta hala, Angiolillo liburutegiak, Mahai joku elkarteko kideak eta Martxanterak talde feministako bi ordezkari ere aritu ziren Zebrabidean

Zapatuan, bazkaria

Urteurreneko ekintzekin jarraituz, bazkaria izan zuten zapatuan herriko elkarte batean. Guztira 30 lagun inguru batu ziren baba janera, "garaiko eta bertako produktuekin" egindako otorduan.

Irratiaren bueltan, "giro polita" izan zen nagusi, bertan egon zirenek azaldu dutenez: "Denon artean, irratiari buruzko kontuak eta aspaldiko istorioak ekarri genituen gogora. Aspaldi ikus gabeko lagun ugari elkarkatu gara, baita elkar ezagutzen ez zuten pertsonak ere. Guztiak irratiaren bueltan batzea oso polita izan da eta batek daki hemendik zer proiektu irten daitezkeen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak