Txakurrendako espazioen aldarrikapena egin dute Bergaran

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko aza. 24a, 12:35

Egubakoitz iluntzean Bergarako plazan egindako kale agerraldia

"Herrian txakurrendako espazioak falta" direla eta, horien eskaera egin dute Bergaran. Hainbat herritar elkartu dira herriko plazan, euren txakurrekin, hori eskatzeko.

"Txakurrek  ariketa, kirol, asko egin behar dute. Beste txakurrekin ere sozializatu behar dira. Eta horretarako espazioak behar dituzte. Herri barruan lotuta eraman behar ditugu, arauak horrela diolako, eta aske egoteko eremu edo espazio batzuk behar ditugu herrian", dio egubakoitzeko kale agerraldian parte hartu zuen Irene Martinezek.

Udal ordezkariekin ere hitz egin dute gai honen inguruan. "Azaroaren hasieran, 8an, elkartu ginen Udal Gobernuko kideekin. Gure beharra ulertzen dutela esan ziguten, eta saiatuko direla irtenbidea bilatzen. Pozik gaude erantzun horrekin. Bitartean herrian dauden 'pipi-can' edo txakurrek kaka egiteko tokiak handitu edo egokituko dituzte, izan ere utzita dauden guneak dira horiek", dio Martinezek. Eta gaineratu: "Toki horiek ez dira beharrezkoak txakurra dugunondako bakarrik, txakurrak maite ez dituztenendako edo beldurra diotenendako ere mesedegarriak izango dira. Errespetu falta handia dago gai honekiko. Txakur jabeok ere, dudarik ez, ondo jokatu behar dugu: herri barruan lotuta eraman, kakak jaso...".

Pasa den ekainean hasi zen Irene Martinez bergararra eskaera hau zabaltzen. "Sinadurak batzen hasi nintzen orduan change.org webgunean. Irailean Bergaran Guau!! taldea sortu nuen Facebook-en". Egubakoitzeko moduko elkarretaratzeak astero egitea gurako luke Martinezek: "Horixe proposatu behar diet herriko beste txakur jabeei, sare sozialen bitartez. Adibidez, eguen guztietan egitea kale agerraldi bat".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak