Familiei eta 3 urtetik gorako umeei zuzenduta, Paraiso antzerki taldearen Xokolat antzezlana bihar iritsiko da Seminarixora, 18:30ean. Lanak kontatzen duenez, espazio garbi eta perfektu batean materia bitxi bat sortuko da: txokolate-tableta. Bertan, ordena maite duen emakume bat bizi da, eta, ezustean, lagun "dibertigarri eta lotsagabeak" hankaz gora jarriko du ordena hori.
"Egun batean, bi pertsonaiek euren begiradak gurutzatuko dituzte ezohiko gauza bat egitearekin batera: txokolatea probatzea, dastatzea, gozatzea. Bat-batean, dena aldatuko da; material gozo hau amets egiteko gonbidapen bilakatuko da".
Azoken esperientzia
Irudimenari eta ikusminari eskainitako lana Small Size Performing Arts for Early Years Europako proiektuaren barruan dago eta hainbat antzerki festibaletan egon da ikusgai 2018an: haurrentzako arte eszenikoen Europako azokan (FETEN) eta Mostra de Igualda haur antzerki azokan, esaterako.