Nerea Agirrezabal: "Itsasoari beldurrik ez, baina errespetua beti"

Xabier Urtzelai 2019ko aza. 22a, 18:00

Nerea Agirrezabal bergararra, goitik hasita ezkerretik bigarrena, traineruan.

Ondarroara bidean hartu du Nerea Agirrezabalek (Bergara, 1994) GOIENAren deia. Aste barruan, normalean, Labegaraietan entrenatzen da, baina, giroz aldatzeko, taldekideekin elkartzeko eta fosoan –arraunean egiteko simulagailu moduko bat– jarduteko doa gaur Ondarroara: "Abenduan hasiko gara itsasoan sartzen; oraingoz, denboraldiaurreko lanean dihardugu". Argazkiak: Iñaki Suarez.

Zer dela-eta arraunean? Eta Ondarroan?

Amaren partetik familia dut Ondarroan, eta lagun kuadrilla dut bertan. Horrek izugarri lagundu dit, lagunek askotan animatu izan nautelako arraunean hastera. Eurek, eta begirale titulua ateratzen nenbilenean ezagututako lagun getariarrek. Hirurak ziren arraunlariak, eta eurek bultzatu ninduten kirol hau probatzera.

Lehenago, baina, futbolean ibilitakoa zara...

Bai; Bergaran hasi nintzen futbolean, eta Leintz Arizmendin jokatu nuen gero. Baina belaunean bigarren ebakuntza egin zidaten momentuan futbola uztea erabaki nuen, ez zuen merezi arriskatzen jarraitzerik.

Nerea, ezkerretik lehena, taldekideekin batera.

Eta, konturatu orduko, arraunak harrapatu egin zaitu...

Bai, oso gustura nabil. Futbola bezala, arrauna ere taldeko kirola da. Hasieran, errespetua ematen zidan traineruarekin itsasora sartzeak, eta traineruan, gainera, proelean jarduten baduzu –traineruaren puntan–, olatuen kontrako kolpe handienak bertan hartzen dira. Baina ohitu egiten zara. Beti diogu gauza bera: itsasoari beldurrik ez, baina errespetua beti.

Lea Artibai taldean hasi zinen, duela bi urte; aurtengoa hirugarren denboraldia izango duzu.

Halaxe da. Lea Artibai Ondarroako eta Lekeitioko arraunlariak batu zituen proiektua izan zen. Duela hiru urte, herri bakoitzak ez zituen talde propioa izateko nahi adina arraunlari, eta indarrak batu genituen. Ez pentsa halakoak egitea erraza denik, lehia handia dago-eta kostaldeko herrien artean [Barreak], baina klubetako arduradunek adostu zuten herri bakoitzak nahikoa arraunlari zituen momentuan bereizi egingo ginela eta bakoitzak bere bidetik jarraituko zuela, eta halaxe izan da. Orain momentuan ikusgarria da, esaterako, kategoria txikietan zenbat neska dabiltzan Ondarroan arraunean.

Emakumezkoen bigarren mailan diharduzue, eta atzetik aurrerako lana egin duzue ligan.

Bai. Talde oso gaztea dugu, nesken bataz besteko adina 19 urtetakoa izango da, eta aurten ere arraunlari berriak etorri zaizkigu klubera. Beste kirol jarduera batzuetatik datozen neskak dira; kirolariak, baina arraunaz gutxi dakitenak. Horiek lehenbailehen egokitzea izango da egin beharreko lehenengo lana, blokea osatzea.

Zer-nolako urtea izan da?

Oso sasoi onean amaitu genuen liga, eta Kontxan ere lan txukuna egin genuen. Lehenengo mailan zortzi traineru daude eta bigarren mailan hamabi traineru gara. Bada, liga hasieran atzealdeko postuengatik borrokatzen ginen, bizpahiru traineru sailkatzen ziren gure atzetik, baina liga aurrera joan ahala hobetzen joan ginen. Ondarroan, esaterako, bosgarren sailkatu ginen.

Kontxan ere izan zineten, kanporaketa fasean.

Bai; sekulako esperientzia izan zen. Kontxan kanporaketa fasea aste barruan egiten dute, eguenean, eta sailkatzen direnek asteburuan bertan izaten dute lehen jardunaldia. Bada, kanporaketa fase hori ikusteko Ondarroatik bizpahiru autobus joan ziren Donostiara. Euskal Herriko traineruekin batera galiziarrak ere izan ziren lehian; guztira, hogei traineru izan ginen eta hamargarren postuan sailkatu ginen. Ez genuen kanporaketa fasea gainditu, baina emaitza ona izan zen guretako. Momentu hartan Donostiako portuko arrapalan bizi izandakoa ez dut berehalakoan ahaztuko, emozionatu egin nintzen, herritarrek egin ziguten harrera... Ondoren, gainera, gizonezkoetan Ondarroak lehenengo postuan gainditu zuen kanporaketa fasea, eta herrian sekulako harrera egin ziguten, herri osoa zegoen kalean. 

Zein izan behar da taldearen aurtengo helburua?

Helburu konkretuak jartzea ez dakit ona den, ondoren lortzen ez badira badirudielako urte txarra egin duzula. Helburua da iazko liga amaierako sentsazioak errekuperatzea, gozatzea, eta aurrerapausoa ematea.

Alde handia dago zuen eta gizonezkoen artean?

Txikitzen doa, baina oraindik alde handia dago. Adibidez, aurten Ondarroan bakarrik eman digute saria dirutan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak